Eskubaloiko gazte mailako neskak, Gipuzkoako txapeldun

Irati Goitia 2014ko ots. 7a, 16:49

Aloña Mendiko eskubaloi saileko gazte mailako neskak lurraldeko txapelpetan nagusitu dira. Atzo jokatu zuten txapelketako azken partidua. Bestalde, joan zen asteburuan, Euskal Ligara igotzea lortu zuten, igoera fasea jokatuta. Ezin-hobe dabiltza, beraz, Aloñako neskak.

Atzo jokatu zuten Gipuzkoako lurraldekako azken partidua Legazpiko Aluminios Aleman taldearen aurka eta 18-22 nagusitu ziren. Oñatiarrak gehiago izan ziren norgehiagoka osoan, azken unean zertxobait motelago ibili ziren arren. Hala, Gipuzkoako kopa bereganatu dute.

Euskal Liga

Bestalde, Euskal Ligara igotzea lortu zuten joan zen asteburuan. "Oso pozik gaude lortutakoarekin", adierazi du Jon Ander Osinagak, Aloña Mendiko eskubaloi saileko gazte mailako nesken entrenatzaileetako batek. Badituzte pozik izateko arrazoiak. Izan ere, Gipuzkoa mailako txapelketatik Euskal Ligara igotzea lortu du taldeak. "Denboraldi hasieran ez genuen pentsatzen igoera fasea jokatuko genuenik, baina aurrera egin ahala eta goian jarraitzen genuela ikusita, sinesten hasi ginen".

Asteburuan jokatu zuten igoera fasea Errenterian. Bizkaiko talde bat eta Gipuzkoako bi aritu ziren nor baino nor gehiago, Euskal Ligara igotzeko txartela lortu nahian (Urdaibai, Ereintza eta Aloña Mendi).

Bi partidu jokatu eta biak irabazi zituzten oñatiarrek. Lehena Ereintzaren aurka jokatu zuten, 22-20 nagusitu ziren. "Oso ondo hasi genuen norgehiagoka eta irabazten joan ginen denbora guztian. Amaieran, baina, nahiko larri ibili ginen. Azken minutuetan ez ginen fin ibili erasoan eta hainbat jokalari kanporatuak izan ziren, asko igarri genuen hori defentsan", dio Osinagak. Bigarren lehia askoz konplikatuagoa izan zela esan du: "Partidua amaitzeko hamar minutu falta zirenean hasi ginen norgehiagokari buelta ematen, ordura arte galtzen joan ginen. Erasoan hobeto jokatzen hasi ginen eta gure atezainak –Olatz Anduaga– dena gelditu zuen". Bi lehiak irabazita, igoera lortu zuten oñatiarrek eta "oso pozik" daude lortutakoarekin.

Beraz, Euskal Ligan jokatuko dute aurrerantzean. Lehen partidua hilaren 15-16ko asteburuan izango dute. "Ez dakit nola moldatuko garen maila berrian, baina, igoera lortuta, oso motibatuta gaude. Hala ere, zaila izango da ligako txapeldun izatea, oso talde onak daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak