"Ikasleei euskara ikasteko beste aukera bat emateko da kontzertua", dio Roberto Altunak, Udal Euskaltegiko zuzendariak. Egueneko emanaldiaren aurretik, 18:00etan, eztarriak eta gorputzak berotzeko, txokolate beroa eskainiko dute.
Barruak berotu eta gero, Jose Mari Anduaga eta Xabier Ugarte herriko kantarien laguntzarekin hainbat abesti herrikoi kantatuko dituzte. "Furra Furra, Xalbadorren heriotza... zerrenda luzea bezain herrikoa prestatu dugu", aurreratu du Altunak. Inguruko abestiak, baina, ez dira entzungo diren bakarrak izango.
Emanaldi zabala
Udal Euskaltegiak jatorri askotariko ikasleak dituenez, kantaldia ere berezia izango da. Anduagak eta Ugartek, euskal kantuez gain, Galiziako Cantiga de Verce, Lluis Llachen La estaca eta Asturiasko Santa Barbara bendita ere eskainiko dituzte. Abesti horiekin batera, ikasle talde bakoitzak euskaltegian aurrez prestatutako kantu bat ere abestuko du.