Azken egunotan liskar gogorrak izan dira Ukrainako gobernuaren eta manifestarien artean. Zein da tira-bira hauen arrazoia?
Dena azaroan hasi zen. Hainbat herritarrek gobernuak Europar Batasunarekin akordio bat sinatzea nahi zuten, baina presidenteak, alderantziz, Errusiarekin egin du aliantza. Hasieran, protestak lasaiak izan ziren, baina urtarrilaren 16an Ukrainako parlamentuak lau lege onartu zituen eta horiek aplikatuz ukrainar oro atxilotu dezake poliziak. Herritarrak muturreko egoeran zeuden ordurako eta gobernuaren gehiegikeriez nazkatuta. Herritarrak protesta egitera eta euren eskubideak defendatzera atera dira kalera.
Gobernua eta oposizioa negoziaketetan dabiltza. Adostasunera iritsiko direla uste duzu?
Nik akordioa lortuko duten esperantza dut eta une honetan Ukrainan dugun krisi politiko honetatik irtengo garela deritzot. Asko dira, baina, adostasunik lortu ez dela uste dutenak eta liskarrek aurrera jarraituko dutela diotenak. Ikusi egin behar... Egia esan, niri oposizioko buru den Vitali Klitxko asko gustatzen zait. Presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak eskatzen ditu eta ondo iruditzen zait.
Jendeak aldaketa eskatzen du?
Bai, herritarren gehiengoak aldaketak eskatzen ditu, ez daudelako gobernuaren jardunaz eta azkeneko egunetan pasa denarekin gustura. Langileak asko dabiltza sufritzen, gobernua izugarrizko gehiegikeriak dabil egiten.
Zer diotsue zure gertukoek?
Esaten didatena da gutxi batzuk hasi zirela protesta egiten, baina gobernuak onartutako legeen ondorioz, Ukraina osoa altxatu dela euren eskubideak aldarrikatzeko. Hala, Independentzia plazan 50.000 edo 60.000 lagun inguru batu dira azken egunotan eta beste eskualdeetara ere zabaldu dira protestak. Esaterako, mendebaldeko probintzietako gobernatzaile guztiek boterea utzi dute. Hala ere, senitartekoek diote normaltasunez joaten direla lanera. Nire lehengusua, esaterako, Kieven bizi da eta bulego, banku, ospitale eta garraioek normaltasunez funtzionatzen dutela dio. Beldur dira gertatuko denaz, denek nahi dutena da negoziazioek fruituak ematea, lasai bizi eta lan egiteko.
Beltz ikusten duzu etorkizuna?
Telebistan ikusi dugu gobernua prest dagoela borrokarako, tankeak prest daude edozein unetan kapitalera iristeko. Oposiziotik ere esan dute Kieven 400.000 arma daudela legez erregistratuta. Beraz, jendea gobernuari aurre egiteko prest dagoela esango nuke. Nik dudan esperantza bakarra da Ukrainan ez dadila gerra zibilik hasi, gertatuko litzatekeena askoz okerragoa izango litzateke-eta. Horregatik da garrantzitsua negoziazioez jarraitzea.