Zazpi kultura proiektu diruz lagunduko ditu Udalak

Irati Goitia 2014ko urt. 24a, 15:07

Aurten, lehen aldiz, egin du Udaleko kultura sailak diru-laguntzak eskuratzeko deialdi irekia herriko irabazi asmorik gabeko eragileen artean. Zazpi eskaera izan dira eta erabaik da guztiak laguntzea ekonomikoki.

Horrela, talde horiei laguntza eskainiko zaie egingo dituzten jarduera eta egitarauak aurrera eramateko.  Orain arte proiektuak aurkeztu ahala baloratzen ziren eta horretarako bideratutako diru partida gastatu arte eskaintzen zen laguntza ekonomikoa. Horrenbestez, 2013an beste urrats bat eman dela esan du Nerea Zubia kultura zinegotziak.

Zazpi eskaera

Deialdia azaroan kaleratu zen eta zazpi taldek aurkeztu zuten euren eskaera. Guztiak babestea erabaki da [ikus taula]. Guztira 8.600 euro banatuko dira, partida handiagoa zen arren (10.400 euro). Diru-laguntza oinarrietan proiektu bakoitzak jasoko lukeen diru kopurua mugatu zen, 1.400 euro. Aurkeztutako egitasmoen artean, hiruk jasoko dute gehienezko laguntza hori.

Onarpenarekin batera jaso dute diru-laguntzaren erdia talde edo norbanakoek eta likidazioa aurkeztu ondoren emango zaie gainerakoa. Proiektuak 2014. urtean zehar burutu beharko dituzte. "Epetan berandu ibili garenez, lanak 2014an gauzatzeko aukera emango dugu", zehaztu du Zubiak. Behin lana eginda, argitalpenen hamar ale Udalaren esku utzi beharko dituzte.

Askotariko lanak

Lanak hiru multzotan bana daitezke. Batetik, proiektuaren egilea oñatiarra edo lana Oñatiri buruzkoak direnak daude. "Iruditzen zaigu gure herriaren ondarearen inguruko lanei bultzada berezia eman behar diegula", dio Zubiak. Bestetik, disko grababetak daude. "Orain arte gazteria departamendutik aplikatzen den irizpide bera erabili da, hau da, gehienez 1.200 euroko laguntza eman zaie". Azkenik, egilea oñatiarra izan, baina proiektuak Oñatirekin zerikusirik ez duten kasuak daude.

2014ko aurrekontuetan ere aurreikusi da helburu bererako partida bat. Zehazki, 20.000 euro.

Udalak diruz lagunduko dituen proiektuak

  • Oñatiko bertsolaritzaren inguruko bilduma liburua: 1.400 euro
  • Antonino Ibarrondoren biografia: 1.400 euro
  • Oñatiko euskeraz Kontzejupetiken argitaratutako testuak: 1.400 euro
  • Eko de Bull disko grabaketa: 1.200 euro
  • Zingira disko grabaketa: 1.200 euro
  • Sagastaren biografia: 1.000 euro
  • Tindayari buruzko dokumental grabaketa: 1.000 euro

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak