'Amaraun' diskoa aurkeztuko du Ganbara Abesbatzak kontzertuan, domekan

Irati Goitia 2014ko urt. 23a, 09:17

Hogeigarren urteurrena ospatzen dabil Oñatiko Ganbara Abesbatza ikasturte honetan. Urrian, 20 urteko ibilbidea batzen duen diskoa grabatu zuten. Orain, lan horren aurkezpen kontzertua egingo dute. Zehazki, domekan izango da emanaldia San Migel parrokian, 19:00etan.

Kaleratzen duten bigarren diskoa da. Orain dela 10 urte argitaratu zuten lehena, X. urteurrenean: Sagatz. "Bigarren disko bat egiteko aukera irten zenean, asmoa izan zen 20 urte hauen laburpen txiki bat jasotzea", adierazi du Aitor Biain, Ganbara Abesbatzako zuzendariak.

'Amaraun'

Urteetan jositako amarauna da aurkezten dutena. Amarauna, lan gogorraren emaitza izan ohi da, buru-belarri egin beharrekoa, eta ordu asko eskatzen dituena. Eta, hain zuzen, horren erreflexu da diskoa."Amaraun izena eman diogu, poliki-poliki josi dugun lana delako", dio Biainek.

Hala, mimoz jositako Amarauna da eta mimoz aukeratu dute baita errepertorioa ere. 17 kantuz osatzen da diskoa eta mota askotariko abestiak dira: euskal folklorea, gospela, polifonia... Gehienak, a capellara abestuta, baina  badira pianoz eta bateriaz lagundutakoak ere. Azken urteetan Ganbara Abesbatzarentzat garrantzitsuak izan diren esperientzien erakusgarri diren abestiak dira batu dituztenak, esaterako, Maribor-era joan zireneko obra bat edo Tolosako lehiaketan egon zireneko beste bat. "Oso disko polita gelditu da, ilusio handiarekin eginiko proiektua da".

Aurkezpen kontzertua

Urrian grabatu zuten diskoa Santa Ana antzokian eta Oñatiko San Migel parrokian. Orain, aurkezpen kontzertua egingo dute San Migel parrokian, domeka honetan, 19:00etan. Sarrera doakoa da. Kontzertu berezia izango dela esan digu Aitor Biain zuzendariak. Diskoko abestiak kantatuko dituzte eta baita Gran Premio Nacional lehiaketara eramango dituzten kantu batzuk ere.

Diskoa urtarrilaren 27tik aurrera egongo da salgai honako tokietan: Haritza, Izarraitz, Turismo Bulegoa, Arantzazuko denda,  Sesiñena ile-apaindegia, Pake Lekuko taberna, Txokolateixian. Abesbatzaren webgunean ere izango da diskoa erosteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak