Oñatiko Ganbara Abesbatzaren disko berria: ‘Amaraun’

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 20a, 20:00

'Amaraun' diskoaren azala.
Oñatiko Ganbara Abesbatzak, bere XX. urteurrenarekin batera, disko berria kaleratuko du: ‘Amaraun’. Azken urte hauetako lana jaso dute bertan, X. urteurrenean ‘Sagatz’ diskoarekin egin zuten moduan. Hilaren 26an lan berriaren aurkezpen-kontzertua eskainiko dute eta diskoa bera biharamunetik aurrera egongo da eskuragarri.

Horrela dio diskoaren hitzaurreak, Amaraun izenburuaren harira:

"Ganbara Amaraunez bete da. 20 urtetan zehar, armiarmak lan fin eta  zorrotza egin du, naturan aurki daitekeen egitura ikusgarrienetako bat osatuz. Ganbarako Amaraunak 20 urteotako historia du bere zeta itxurazko ehunezko sarean. Bertan ditu ekinez, gogoz eta ilusioz saretu duen kantutegia; bertan sariak, bidaiak, kontzertuak, ikuskizunak… Bertan pozak, tristurak, besarkadak, malkoak… Bertan gorputz zirraraz beteak, bihotz hunkituak eta arima leialak… Bertan 20 urteko ibilbidean alerik txikiena ere ipini duenaren oroitzapena. Eta hori guztia biltzen, babesten, musikazko Amarauna. Lan minutu bakoitzean finduz eta hobetuz joan den musikazko Amarauna. 

20 urte ditu Ganbarak, 20 Amaraunak. Baina Ganbaran gelditzen da tokirik eta armiarma inoiz baino indartsuago dago saretzeko gelditzen zaion Ganbarako txokoari begira. Etorkizuna ikusten du bertan. Egindakoari harro begira, egiteko gelditzen zaionak oparoa izan behar duela pentsatu du. Izan bedi horrela!"

"Mimo handiz" egindakoa

"Urte bereziak izan dira, aldaketa askokoak, baina Ganbarak bere esentzia mantendu du. Oso pozik gaude disko honekin, eta espero dugu harrera ona izatea, ilusio eta mimo handiz egin baitugu", adierazi dute abesbatzatik.

Urriaren 11,12 eta 13an grabatu zuten diskoa, Oñatiko Parrokian eta Santa Ana antzokian. Euskal folklorea, gospela, polifonia... askotariko kantuez osatutako diskoa izango da. Abesti gehienak a capella dira, baina batzuk piano eta bateriaz lagunduta daude. Solista lanetan Sandra Madina, Gorka Aranburu eta Amaia Biain ibili dira.

17 kantuk osatzen dute diskoa:

  1. Deus in adiutorium meum intende (Juan Gutierrez de Padilla)
  2. Sweet Honey Sucking Bees (John Wilbye)
  3. Richte mich, Gott (Felix Mendelssohn Bartholdy)
  4. Nachtwache (Johannes Brahms)
  5. Ave Maria (Franz Biebl)
  6. Gloria (Vytautas Miskinis)
  7. Ubi Caritas (Ola Gjeilo)
  8. Ave Verum (Karl Jenkins)
  9. Sleep (Eric Whitacre)
  10. Sure on this shining night (Morten Lauridsen)
  11. Water Night (Eric Whitacre)
  12. Segalariak (Josu Elberdin)
  13. Neure Maitena (Ignacio Mocoroa)
  14. Mendekoste phestetan (Javier Bello portu)
  15. Akerra ikusi degu (Jesus Guridi)
  16. Try Jesus (Robert)
  17. He Never Failed Me Yet (Robert Ray)

Aurkezpen-kontzertua

Diskoaren aurkezpena egiteko, domekan, hilak 26, kontzertua eskainiko dute, Oñatiko Parrokian, 19:00etan; sarrera doan izango da. Lan berriko kantuez gain, apirilean Gran Premio Nacional lehiaketara eramango dituzten kantu batzuk entzuteko aukera ere izango dute kontzertura joaten direnek.

27tik aurrera eskuragarri

Amaraun diskoa hilaren 27tik aurrera egongo da eskuragarri, ondorengo lekuetan: Haritza, Izarraitz, Turismo Bulegoa, Arantzazuko denda,  Sesiñena ile-apaindegia, Pake Lekuko taberna eta Txokolateixa. Euren webgunearen bitartez ere eskuratu ahal izango da: www.ganbara.org.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak