Hilero hiru odol emaile berri egiten dira Oñatin

Urtarrilaren 10ean egin zuten urteko lehen odo ateratzea
Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak egin du urteko lehen ateratzea; iaz 700 ateraldi egin zituzten. Hurrengo odol ateratzea otsailaren 14an egingo dute.

Urteko lehen hilabetean hasi du egutegi berria Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak. Aurten ere, hamar ateratze egingo dituzte, hilean bat, udako bietan, uztailean eta abuztuan, izan ezik.

Erantzun ona

Joan den urteko odol ateratzeek izan zuten erantzunarekin pozik daude elkarteko kideak. Guztira 700 ateraldi egin zituzten. "Kopuru hori, baina, Oñatin egin diren ateratzeei dagokiona da. Badakigu oñatiar askok beste hainbat tokitan ematen dutela odola, lantegietan, unibertsitateetan edo ospitaletan, adibidez", adierazi du Odol Emaileen elkarteko kide den Pili Irazabalek.

Iraila, otsaila eta abendua izan ziren ateratze kopuru handienak izan zituzten hilabeteak eta abuztua, maiatza eta urria emaile gutxien joan zirenak. Abuztua, hala ere, berezia izaten da, ez delako deialdirik egiten. 

Ateratze kopuruarekin ez ezik, odola ematea gura duten herritarren jarrerarekin daude pozik elkarteko kideak. "Egia da ez dakigula zenbatek uzten dioten odola emateari, baina hilero hiru emaile berri azaltzen dira, batez- beste, eta hori pozgarria da oso. Horregatik, odol emaile guztiak eskertu eta zoriondu gura ditugu, eta aurten ere txintxo-txintxo etor daitezela eskatu. Baita 18 urte baino gehiago duten eta inoiz eman ez duten herritarrak ere", azpimarratu du Irazabalek.

Datorren ateratzea otsailaren 14an izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.