Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeen gurasoei zuzendutako tailerra antolatu dute herriko ikastetxeek, bertako Guraso Elkarteek eta Oñatiko Udalak osatzen duten lan-mahaiak. Zehazki, guraso couching tailerra da. Ikastaroaren helburua da gurasoei baliabide berriak ematea. Hala, landuko direnak izango dira: seme-alaben potentziala eta talentua piztea, haurren autoestimu osasungarria bultzatzea, euren garapenerako espazio osasungarriak sortzea, eta eurekin elkarrizketa osasungarri eta eraginkorrak izateko tresnak eskaintzea. Azken batean, guraso izateak dakartzan zailtasun eta erronkei hobeto aurre egiteko baliabideak eskainiko dira tailerrean.
Sei saio
Sei saio izango dira guztira. Bakoitzean izango dira azalpen teorikoa, ariketa praktikoak, hausnarketarako espazioa eta lan indibiduala zein talde txikietan. Lehen saioa urtarrilaren 23an izango da. Ordutegia 18:45etik 20:15etara bitarte izango da. Virginia Espin coach, terapeuta eta musikaria izango da gidaria. Tailerra Bidebarrietan dagoen erabilera anitzeko aretoan egingo da (lehengo Laixanen lokala).
Izen-ematea
Urtarrilaren 17an amaitzen da izena emateko epea. Bi bide daude horretarako: ainhoa@oinati.net helbidera idatzita edo 943 03 77 00 telefonora deituta. Zaintza zerbitzua eskainiko da Txaloka ludotekan, hala eskatzen dutenentzat.