Lehen baino gela bat gehiago dute orain 0 urtekoentzat, baina guztiek sumatuko dute hobekuntza, lehengo instalazioak hobetzeko eta espazioak zabaltzeko aprobetxatu dituztelako lanok. 32 plaza zeuden orain arte eta zortzi haur gehiagorentzako lekua egongo da aurrerantzean. Matrikulazio epe berri bat irekiko dute orain eta, eskaeraren arabera, hezitzaileren bat gehiago beharko da edo ez; sei daude, gaur egun.
Ate irekiak eta 'lunch'-a
Egubakoitzean inauguratu zuten ofizialki Txiki-Txoko, Oñatiko Udaleko eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkariak ere bertan zirela. Neska-mutiko, guraso eta aiton-amonek euren hitzak entzun eta instalazioak bisitatu zituzten, mokadutxoa eginez ospakizuna borobiltzeko. Zapatu goizeko ate irekietan izan zen haurreskola berritua bertatik bertara ezagutzeko bigarren aukera. Etxean moduan, euren saltsan, ikusi genituen neska-mutikoak, eta ilusioz beteta aita-amak.