Gabonetatik bueltan estreinatu zuten Olakuako haurreskola berria eta egokitzen ari dira oraindik, baina erabiltzaileak eta langileak pozik daude. Lehen baino gela bat gehiago dute orain 0 urtekoentzat, baina guztiek sumatuko dute hobekuntza, lehengo instalazioak hobetzeko eta espazioak zabaltzeko aprobetxatu dituztelako lanok.
32 plaza zeuden orain arte eta zortzi haur gehiagorentzako lekua egongo da aurrerantzean. Matrikulazio epe berri bat irekiko dute orain eta, eskaeraren arabera, hezitzaileren bat gehiago beharko da edo ez; sei daude, gaur egun.