Hertzainak taldearen garaietatik agertokietan dabilen kantaria izanik, maisua da agertokian bertan, eta publikoarekin, aldi oro, hari sendo bat sortzen du, harengandik hurbil senti dadin.
Abeslari bikain horrek espresibitate musikalaren gainean oinarritzen du bere ahots beroa, komunikazio samur bezain hunkigarria lortzeko eta une ahaztezinak sortzeko. Disko berrian, zuzeneko kontzeptu artistiko heldua erabili du publikoa berriro ere bere kantuen sakontasunaz liluratzeko.
Musikari oparoa
Keu Agirretxea Ondarroako musikari beteranoa ezin da musikarik gabe bizi. Bere ibilbidean jorratutako guztia lerrotan jasotzea ia ezinezkoa da: Psychophony, Zain, Etsaiak, Fjord, Keu, Uek, Governors… Azken urteotan ere gelditu gabe dabil. Joan berri den azokan, etxean grabatu eta nahastutako Behe presioaren erdigunean lana aurkeztu zuen eta kontzertu hau bere aurkezpen biran sar daiteke.
Bost euroren truke, gazteek hizki larriz euskal musika zer den ezagutuko dute eta nagusiek, aldiz, aztarna laga zuten bi musikariak ekarriko dituzte gogora.