Tantaz tanta itsasoa gara ekimena egingo da bihar, zapatua, Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean burutuko da.
17:30ean bi olatu handi abiatuko dira La Casillatik eta Bilboko udaletxetik, euskal presoen senitartekoak buru direla. 18:30ean bi olatuak elkartu egingo dira eta Itsasoa gara kanta entzungo da Bilboko erdigunean. Lau minutu horietan, tantak zerura altxatuz, itsasoa irudikatuko da.
Manifestazio horretan Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik joango diren herritarrak Bilboko udaletxetik Zabalburura bitarteko tartean kokatuko dira. Oñatitik autobusetan doazenak ere gune horretara joango dira eta berdin egin dezakete euren kasa doazen oñatiarrek ere.
Oñatiko Tokiko Gobernuak bat egin du mobilizazio horrekin eta herritar guztiak gonbidatu gura ditu parte hartzera. Atzo iluntzera arte sei autobus betetzeko adina txartel saldu dira Oñatin baina oraindik eros daitezke; txartelak salgai egongo dira gaur gauera arte Oñati, Pako eta Arrano tabernetan.