"Oso kezkatuta gaude. Gabon inguruan ikaragarrizko haizetea ibili da eta argi ikusi da kuboak zintzilikarioetan jartzeko sistemak baduela hobetu beharra", esan du Mikel Biain alkateak. Hala, konponbidea bilatzeko lanean dabiltzala gaineratu du: "Dagoeneko egin dugu froga bat. Esekitoki bati aldaketak egin zaizkio eta hiru eredu ezberdin frogatu dira: maratila bat jartzea, zirrikitua bera txikitzea eta engantxea. Azkenean, lortu behar duguna da konponbidea erabilerraza izatea herritarrentzako eta baita langileentzat ere. Aldi berean, hobekuntzak izan behar du eraginkorra haizeteen aurka. Egia da, izan ditugun haizeteak ez direla ohikoak izan, baina kasu hauek ezin dira berriro gertatu eta hori kontuan hartuta erabakiko da soluzioa. Horretan gabiltza eta epe laburrean planteamendua egongo da".
"Pazientzia"
Biainek dei bat egiteko ere aprobetxatu du: "Herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Ikusi ditugu oso egokiak izan ez diren jokabideak. Norbera arduratu behar da bere kuboa jasotzeaz. Zoritxarrez apurtzen bada, informazio bulegora joan eta bertan eskuratu daiteke beste bat. Arazoa konpondu bitartean, arduraz jokatzea eskatzen dugu".