Arrano ixteko arriskuan dagoela aditzera emateko, Libre Eguna bihar

Irati Goitia 2014ko urt. 3a, 09:48

Libre Eguna antolatu du biharko, urtarrilak 4, Oñatiko Libre plataformak. Oñatiko Arrano ixteko arriskuan dagoela jakitera ematea da helburua. Egun osoko egitaraua antolatu dute: triki-poteoa, bertso bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak. Oraindik eman daiteke izena bertso bazkarirako Arranon bertan.

"Denok dugu Madrilen egiten dabiltzan makroepaiketen berri. 40 gazte eta hainbat herri elkarte epaitzen dabiltza. Gure herriko errealitatea, baina, ezezaguna da askorentzat. Oñatiko Arrano taberna ixteko arriskuan dago. Jendeak hori jakin dezan, beharrezkoa da horrelako egun bat egitea", adierazi digute Oñatiko Libre plataformatik.

Beraz, aldarrikapenerako eguna izango da biharkoa. Hona hemen antolatu duten egitaraua:

  • 12:30: Triki-poteoa
  • 14:30: Bertso bazkaria (txartelak Arranon salgai)
  • 19:00: Manifestazioa. Ostean, kontzertuak Arranon.

Bertso bazkarian kantuan arituko diren bertsolariak izango dira Agin Laburu eta Unai Gaztelumendi. "Momentuz, 40 lagun inguruk eman dute izena bazkarirako. Oraindik bada lekua, ordea. Beraz, jendea animatu nahi dugu", gaineratu digute.

Manifestazioaren ostean, kontzertuak izango dira Arranon tabernan. Gela Berezia, Bene, Zuen Azkena, Txuletons eta Po(br)esiak taldeak arituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak