14 urte azpikoen boulder txapelketa egingo dute zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko abe. 9a, 12:58

Oñati eta Aretxabaletako kideen arteko ligaxkako lehen proba izango da. Hiru kategoriatan banatuko dituzte eta bost bloke izango dituzte gainditzeko.

Gaztetxoen arteko boulder txapelketa egingo dute datorren zapatu goizean, abenduak 14, Zubikoa kiroldegiko rokodromoan. Aloña Mendiko eskalada eskolak antolatu du, Debagoieneko eskalada eskolarekin batera.

Ligaxka

Horrela, Oñatiko, Aretxabaletako eta Arrasateko eskalada eskoletako gaztetxoak hartuko dute parte txapelketa honetan, denak 14 urte azpikoak. "Asmoa izan da ligaxka bat antolatzea. Lehen proba zapatuan izango da Oñatin, eta bigarrena hilaren 20an izango da Aretxabaletako Ibarra kiroldegiko rokodromoan", argitu du Jon Agirrek, Oñatiko eskalada eskolako irakasleetako bat. Beste irakaslea Ruper Aiala da.

Zapatu goizeko proba Zubikoako rokodromoan jokatuko dute. "Sei eta 14 urte arteko gaztetxoak izango dira parte hartuko dutenak eta hiru kategoriatan banatuko ditugu. Bakoitzak ordu bat izango du proba gainditzeko, eta bost bloke jarriko dizkiogu", azaldu du Agirrek. "Rokodromo barruan egingo dugun boulder txapelketa izango da, hau da, altura txikian eta koltxoneta gainean", zehaztu du.

Lehenengoz antolatu dute txapelketa. Joan den urtetik dator ideia. "Iaz Aretxabaletan egin zuten, Debagoieneko eskalada eskolak antolatuta, eta ikustera joateko esan ziguten. 20 bat lagun joan ginen ikustera eta gustatu zitzaigun. Hemengo gaztetxoei galdetu genien ea horrelako txapelketarik egitea gustatuko litzaiekeen, eta baietz erantzun zuten. Horrela, Sergio Maiztegi oñatiarra eta Debagoieneko eskalada eskolako ardura duen Joxean Mulas harremanetan jarri ziren eta elkarrekin jarri zuten martxan txapelketa hau", dio Agirrek.

37 gaztetxo Oñatin

2012ko urtarrilean sortu zen eskalada eskola Oñatin. Eta erantzun ona izan du. "Sei eta 14 urte arteko 37 gaztetxo ditugu egun, lau taldetan banatuta. Urtero betetzen dira plazak eta askok jarraipena eman diote", kontatu du Jon Agirre oñatiarrak. Martitzenetan eta eguenetan izaten dira eskalada eskolak Zubikoako rokodromoan, astean behin, 17:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak