600 euroko bi sari, bi ordutan gastatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko abe. 4a, 14:04

Txanda elkarteak emango ditu sariak eta abenduaren 23an eta urtarrilaren 3an egingo dituzte zozketak. Erosketak Txandako dendetan egiten dituztenen artean zozkatuko dira sariak.

Txanda elkarteak 600 euroko bi sari banatuko ditu Gabonetako eskaintzaren barruan. Abenduaren 23an eta urtarrilaren 3an izango dira zozketak, eta saridunek bi ordu baino ez dituzte izango diru hori Txandako dendetan gastatzeko.

Txandako dendetan

Astelehenean jarri zuen martxan Txandak Gabonetako zozketa berezia eta urtarrilaren 4ra arte iraungo du. "Txandako dendetan erosketak egiten dituzten herritarrei txartel batzuk ematen dizkiegu. Txartel horietan euren datuak jarri behar dituzte, izen-abizenak eta telefono zenbakia, eta behin datuak idatzita, dendetan jarri ditugun kutxetan sartu behar dituzte, erosketak egin dituen komertzioaren zigiluarekin", azaldu du Txandako kide den Argilorain Perosterenak.

Lehenengo zozketa abenduaren 23an egingo dute eta irabazleak bi ordu izango ditu hurrengo goizean diru hori Txandako dendetan gastatzeko. "Berak gura duen bezala gasta dezake, denda bakarrean edo denda askotan", dio Perosterenak. Bigarren zozketa, berriz, urtarrilaren 3an egingo dute eta irabazleak urtarrilaren 4an gastatuko du dirua; bi ordutan horrek ere. "Bigarren zozketa horretan ere denak sartuko dira, hau da, baita euren txartelak kutxan abenduaren 23a aurretik sartu dituztenak ere", argitu du Txandako kideak.

Erakusleihoak

Bestalde, Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartuko duten dendek domekarako izan behar dituzte apainduta erakusleihoak. Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak