Lau blogari gonbidatuk #oñatrip polita egin dute

Leire Kortabarria 2013ko abenduaren 4a

Hurrengo oporretan nora bidaiatu eta nola, bertan gaudenean zer ikusi, non bazkaldu edo kafea hartu, hain ezagunak ez diren ze txoko merezi duen bisitatzea… Gomendio, ideia eta trikimailuak jakiteko, gero eta gehiago jotzen du jendeak bidaia eta turismo blogetara, eta ez hainbeste katalogo eta iragarkietara.

Hori jakinda, iniziatiba berritzaile eta aurrerakoi bat aurrera eroan zuten Oñatin atzo, domeka: blogtrip delako bat, hau da, blogariek egitea bisita turistikoa eta eurek ematea leku horren berri, iritziak, sentsazioak… Twitterren #oñatrip traola erabilita txiokatu zituzten argazkiak, zertzeladak, inpresio laburrak… Horrez gain, Foursquare eta Instagram ere erabili zituzten. Datozen egunetan, patxada handiagoz, blogetan euren artikuluak argitaratuko dituzte gonbidatuek.

Debagoienean egiten den halako lehenengo esperientzia izan da, eta Mondragon Unibertsitatean LEINN gradua egiten dabiltzan Glow kooperatibako gazteen ekimenez izan zen. Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziari proposatu zioten ekintza hori egitea, eta agentziaren oniritzia eta laguntzarekin egin dute. Glow-koek gonbidatuta, Oñatin izan ziren atzo Egoitz Goikoetxea (@egocast Twitterren eta www.egocast.es, bloga), SEO teknikari mungiarra; Ainara Gartzia (@ainaraga eta ainaragarcia.com), 26 urteko argazkilari azpeitiarra; eta Eibarko bikote bat, Miguel Loitxate (@lonifasiko eta www.lonifasiko.com) eta Laura Martín (@lauramartinroca), alabatxoarekin. Laurak ere bidaiazale amorratuak dira eta laurek blogeatzen dute bidaien gainean. 

Hasieran lau gonbidatu eta Glow-ko bi antolatzaile ziren parte-hartzaileak, baina sareak ez dauka mugarik, eta zenbait oñatiarrek bat egin zuten iniziatibarekin bere Twitter kontutik, #oñatrip traola erabiliz eurek ere, edo taldeko kide bihurtuta: Manu Egaña eta Aratz Losada, adibidez. Beste erabiltzaile batek txiokatu zuen "inbidia" sentitzen zuela eta Oñatiko oroitzapenak zetozkiola burura. 

Izan ere, ekimen hau Goienan iragartzeaz gain, Oñati Irratiak eta Oñatiko Turismo Bulegoak ere eman dute bere berri. Antolatzaileak, beraz, harrituta geratu dira, baina pozik daude jendearen erantzuna ikusteaz.

Urrutira joan beharrik ez 

Miguel, Egoitz, Ainara eta Lauraren txioak ikusita, Oñatira egindako bisita benetan gozatu dutela bistan da: Oñatiko eta Arantzazuko paisaiak, hartu zituzten jan-edanak, ikusi zituzten monumentuak, herriko giroa…

Hala, Glow-ko Jon Montiel antolatzailearen esanetan, bistan geratu zen "urrutira joan gabe ere oso leku politak ditugula inguruan". Oñati "herri txikia baina historia handikoa" iruditu zitzaien eta, hotz egin arren –batez ere, Arantzazu elurtuan– giro politean pasatu zuten domeka. Besteak beste, Sancti Spiritus Unibertsitatea, San Miguel errota, parrokia edo iaz inauguratu zen dukearen lorategia ikusi zituzten. Arantzazun, Goiko Bentan salda eta txorizoa hartu zituzten, eta Zelai Zabal jatetxean bazkaria begietatik ere sartu zitzaien; hain itxura ona zuenez, argazkia atera eta Internetez konpartitu zuten.

Debagoieneko lehenengoa 

Oñatiko esperientzia Debagoieneko halako lehenengoa izan da, baina ez da planteamentu berria: "Ez dugu ezer asmatu; joan den udan Costa Blancan halako zerbait ikusi genuen eta ideiak hartu genituen. Baina Debagoienean lehenengo aldia izan da", azaltzen dute Glow S. Coop-eko Jon Montielek eta Patrizia Vitellik; biak izan ziren blogarien bisita-lagun atzo Oñatin.

Eta zergatik ikusi zuten formula hori interesgarri Oñatirako? Hauxe diote: "Glow-ren jarduera adar bat turismoa da; turismo edukietan oinarritutako 2.0 marketin estrategiak sortzea. Horren barruan, Oñatiko turismoa ezohiko modu baten bultzatzeko aukera ikusi genuen. Izan ere, nola ezagutarazi daiteke leku bat? Telebista, aldizkariak… horietan iragarkiak ipini daitezke, baina askotan ezin da jakin zenbat jenderengana iritsi diren. Gainera, Interneteko edukiak beti daude hor, eta ohiko hedabideetan publizitatea egitea askoz garestiagoa da".

Arrazoi gehiago ere badaude: "Blogari horiek kalitatezko edukiak sortzen dituzte eta jarraitzaile asko dituzte. Bidaia bat egiteko edo turismoa egiteko informazioa bilatzen duena horrekin fidatzen da; blogari batek beti informazio fidagarria ipini badu, konfiantza sortuko du; gainera, lehenengo pertsonan kontatuta dagoena beti sinesgarriagoa da".

Blogek, eragin handia 

Glow-koek aipatzen duten inpaktu hori, zenbatengana iritsi den eta ze eragin duen jakiteko goizegi da oraindik, baina, datozen asteotan, inpaktu hori neurtzeko modua izango da eta hori egiteko asmoa agertu du Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziak; Glow-ko kideek, bere aldetik, txosten bat emango diote agentziari. 

Dena dela, ideia interesgarria iruditu zitzaion hasieratik, Garapen eta Turismo Agentziako teknikari Ikerne Altubek dioskun moduan: "Gaur egun, blogariek eragin handia dute, eta proposamen interesgarria iruditu zitzaigun, aurrerakoia eta gazteengana hobeto ailegatzeko modukoa". Glow kooperatibako kideak gazteak, sare sozialetan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oso jantziak eta bidaiazaleak direnez, Oñatiko udal arduradunen bidaia-lagun ezin hobeak ziren. 

Kontuan hartu behar da, gainera, bidaien eta turismoaren inguruko blogen munduan askotariko edukiak daudela, eta publiko mota askorendako izan daitezkeela. Hala, atzo Oñatin egon ziren blogarietatik bi gazteak dira eta bere kabuz bidaiatzen dute, eta beste biak gurasoak dira eta familia-turismoa egiten dute, erritmo lasaiagoan.

Bueltatzea aberasgarria da 

Oñatiko arduradunen nahia herria ezagutaraztea zen, ez hainbeste Arantzazu; izan ere, turista askok Oñati zeharka besterik ez dute ezagutzen, Arantzazura joatea izaten delako helburua. 

Oñatin izan diren blogariek ere Arantzazu ezagutzen zuten gehien, eta turismoko profesionalen eskutik Oñati "berrezagutzeko" aprobetxatu zuten. Blogtrip-etan ibilitakoak dira hirurak ere, baina leku ezagun baten ibiltzeko aukerak ere erakarri zituen: "Turistikoki aukera zabal eta anitza eskaintzen du, hori dela eta, aukera suertatzen denean bueltatzea aberasgarria da", esan digu Ainara Gartziak.

Difusio aldetik behintzat, oñatrip-ak ziurtatuta dauka publikoa. Hala, Ainara Gartziaren argazki blogak 4.000 eta 5.000 bisita artean ditu hilabetero, Espainiatik, Hego Amerikatik, AEBetatik… Egoitz Goikoetxearen blogera Espainiako erkide guztietako internautak sartzen dira. Eta Miguel Loitxate eibartarraren txoko birtualak 10.000 bisitari inguru ditu hilero.

-----------------

Glow-ren beste adar bat, ekologia

Mondragon Unibertsitatearen LEINN graduko ikasleek kooperatibak sortzen dituzte, eta, beste edozein enpresa edo kooperatibak bezala, produktuak eta zerbitzuak asmatu eta eskaini eta bere burua finantzatzen ikasi behar dute. Glow kooperatibaren barruan, turismoaz gain, ekologia da jarduera-lerroetako bat, eta Ekolore izeneko plataforma sortu dute horretan lan egiteko. Bada, plataforma horrek antolatuta, hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunotan Eskoriatzan, bertako Udalarekin elkarlanean. Hala, Eskoriatzako Udalarekin sentsibilizazio prozesu bat diseinatu dute eta, horren barruan, etzi, eguaztena, umeendako Gabonetako apaingarri ekologikoen tailerra izango da, Ibarraundin, 18:00etan; datorren astean, eguaztenean, hilak 11, gazteei zuzendutako tailerra izango da, birziklatutako materialarekin altzariak egitekoa, hain zuzen ere, leku eta ordu berean; kasu horretan, palet-ekin altzariak egiten ikasiko dute. Eta azkenik, hilaren 14an, zapatua, egun nagusia izango dute: Ekolore azoka egingo dute eta familia guztiarendako ekintzak izango dira, denak ere ekologia lantzeko. Azokan Debagoien osoko saltzaileek hartuko dute parte, eta produktu ekologikoen dastatzea ere izango da. Hori 10:30etik 14:30era eta 15:30etik 17:30era izango da. Ekoloreko Irati Eizagirrek dioenez, aurrerantzean, beste leku batzuetan ere horrelako ekintzak egiteko asmoa dute.

-----------------

Bidaien eta blogen zale sutsuak

http://www.lonifasiko.com

 Egilea: Miguel Loitxate. Eibartarra da eta 2008a ezkero konpartitzen ditu bere bidaia esperientziak Interneten. Minube.com webgunean sarri argitaratu izan du.

 Gaia: Familian egiteko bidaiei, eskapadei eta gastroesperientziei buruz hitz egiten du. 

 Audientzia: Hilero 10.000 bat bisita jasotzen ditu.

-----------------

http://www.egocast.es

 Egilea: Egoitz Goikoetxea. Komunikabide baten SEO teknikaria eta bidaiazalea da.

 Beste webgune batzuetan: Argazkiak eta bizipenak Twitterren ere islatzen ditu, batzuetan bideotxoren bat Youtuben ere.

 Blogtrip-ak: Blogari gisa Dublin, Amsterdam eta penintsulako hainbat leku ezagutu ditu.

-----------------

http://ainaragarcia.com

 Egilea: Ainara Gartzia. 25 urteko argazkilari azpeitiarra da.

 Berak dio: "Nahiago dut nire istorioak irakurtzeko denbora hartzen duen irakurleentzat irakurritakoa interesgarria eta beraien bidaietarako erabilgarria izatea, bisita asko izan eta idatzitako guztiak ezertako balio ez izatea baino". Hilero 4.000-5.000 bisita inguru ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak