Pentsio murrizketari ezetz esan diote erretiratuek

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko abe. 2a, 10:45

Udalbatzak ere pentsio duinen aldeko mozioa onartu zuen eguen iluntzean egindako osoko bilkuran.

Pentsioen murrizketen kontra elkarretaratzea egin zuten joan den eguenean herriko jubilatuek, Gipuzkoako Erretiratuen Elkarteak deituta. Pake Leku elkarteak bat egin zuen deialdi horrekin eta horrela, ordu laurdeneko elkarretaratze isila egin zuten Foruen plazan, udaletxearen aurrealdean. Pentsioak ukitzen dituenak ez du nire botorik mezua irakur zitekeen pankartaren atzean elkartu ziren herriko erretiratu dezente. Udalbatza osatzen duten bi alderdietako hainbat zinegotzik ere bat egin zuten deialdiarekin eta kale agerraldi horretan egon ziren.

Mozioa

Elkarretaratzea bukatu eta gutxira hasi zuen udalbatzak, hain zuzen ere, azaroko osoko bilkura. Eztabaidatu zituzten puntuen artean, Gipuzkoako erretiratu eta pentsionistek osatutako Duintasuna Elkartearen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Mozio horrek jasotako mezuak dira: pentsioak murrizteko Espainiako Gobernuak hartu dituen neurrien aurka azaltzea, botiken berrordaintzearen desadostasuna adieraztea, onkologikoa pribatizatu nahi izatea gaitzestea eta erabakiaren berri Batzar Nagusietara helaraztea. EAJ abstenitu egin zen, "beste puntuekin ados egon arren, onkologikoaren kasuan aurkako puntuak ikusten" dituztelako, Lourdes Idoiagaren esanetan. Duintasuna Elkarteko kide diren herritar batzuk ere egon ziren osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak