Interneten eta 'off-line', blogtrip arrakastatsua Oñatin

Leire Kortabarria 2013ko abe. 1a, 22:05

Oñatiko blogtrip ekimenarekin gustura daude antolatzaileak, LEINN graduko Glow kooperatibakoak, eta baita berau egin duten blogari gonbidatuak ere. Blogtrip baten, blogari batzuek bisita turistikoa egiten dute eta horren berri ematen dute Internet bidez. Turismoa promozionatzeko modu moderno eta aurrerakoia da eta Debagoienean lehenengo aldiz egin da gaur, Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziaren elkarlanarekin.

Twitterren dezenteko jarioa sortu da domekan zehar, #oñatrip traola erabilita txiokatu dituztelako parte-hartzaileek  argazkiak, zertzeladak, inpresio laburrak… Horrez gain, Foursquare eta Instagram ere erabili dituzte. Datozen egunetan, patxada handiagoz, blogetan euren artikuluak argitaratuko dituzte gonbidatuek. Hauek izan dira blogariak: Miguel Loitxate eta Laura Martín  eibartar bikotea, Egoitz Goikoetxea mungiarra eta Ainara Gartzia azpeitiarra. Laurak ere bidaiazale amorratuak dira eta laurek blogeatzen dute bidaien gainean.

Hasieran lau gonbidatu eta Glow-ko bi antolatzaile ziren parte-hartzaileak, baina sareak ez dauka mugarik, eta zenbait oñatiarrek bat egin zuten iniziatibarekin bere Twitter kontutik, #oñatrip traola erabiliz eurek ere, edo taldeko kide bihurtuta: Manu Egaña eta Aratz Losada, adibidez. Beste erabiltzaile batek txiokatu zuen "inbidia" sentitzen zuela eta Oñatiko oroitzapenak zetozkiola burura.

Izan ere, ekimen hau Goienan iragartzeaz gain, Oñati Irratiak eta Oñatiko Turismo Bulegoak ere eman dute bere berri. Antolatzaileak, beraz, harrituta geratu dira, baina pozik daude jendearen erantzuna ikusteaz.

Urrutira joan beharrik ez

Miguel, Egoitz, Ainara eta Lauraren txioak ikusita, Oñatira egindako bisita benetan gozatu dutela bistan da: Oñatiko eta Arantzazuko paisaiak, hartu zituzten jan-edanak, ikusi zituzten monumentuak, herriko giroa…

Hala, Glow-ko Jon Montiel antolatzailearen esanetan, bistan geratu zen "urrutira joan gabe ere oso leku politak ditugula inguruan". Oñati "herri txikia baina historia handikoa" iruditu zitzaien eta, hotz egin arren –batez ere, Arantzazu elurtuan– giro politean pasatu zuten domeka. Besteak beste, Sancti Spiritus Unibertsitatea, San Miguel errota, parrokia edo iaz inauguratu zen dukearen lorategia ikusi zituzten. Arantzazun, Goiko Bentan salda eta txorizoa hartu zituzten, eta Zelai Zabal jatetxean bazkaria begietatik ere sartu zitzaien; hain itxura ona zuenez, argazkia atera eta Internetez konpartitu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak