1977ko udalbatza, gaur egungoa eta herritarrak bat, ikurrina omentzeko

Miren Arregi Amasorrain 2013ko abe. 2a, 09:09

Ekitaldi hunkigarria izan zen ikurrina omentzeko atzo –domeka– Oñatiko plazan egindakoa. Udaletxean Espainiako bandera ezartzeko sententzia bete beharraren harira etorri zen ekitaldia. 1977ko udalbatza eta gaur egungoa elkartu ziren osoko bilkuren aretoan eta plaka bat ipini zuten. Ondoren, plazan, Oñatz dantza taldeko dantzariek txistulariek lagunduta, dantzak eskaini zituzten; tartean, ikurrin dantza. Hori guztia, 1977ko udalbatza eta gaur egungoa, 'Gurea ikurrina, inposaketarik ez' zioen pankarta baten atzean zeudela. Herritar asko batu ziren plazan, eta txaloz hartu zuten ikurrina omentzeko ekitaldia. Ondoren, Udal musika bandak kontzertua eskaini zuen, berezitasun batekin: atzo, euskal kantuak izan ziren protagonista bakarrak. 

EH-Bilduk eta EAJk bat egin zuten atzoko ekitaldian. "Ikurrina herritar gehienon ikurra da eta denondako moduko ekitaldi bat antolatu gura izan dugu. EAJrekin ados ipini eta hemen ikurrinari gure omenaldia. Azken finean aitortza bat da, ikurrari berari eta ikurrinaren inguruan ibili den jende guztiari", esan zuen Mikel Biain alkateak.

Lurdes Idoiaga EAJko zinegotziak, bere aldetik, ikurrina legeztatu barik zegoeneko garaiak ekarri zituen gogora eta aipamen berezia egin gura izan zien garai hartako emakumeei: "Ikurrina legeztatu zenetik, lantegietan egiten dira ikurrinak, baina aurretik, Euskal Herriko eta Oñatiko emakume asko eta askori esker, etxekoandre asko eta askori eta moja askori esker josten ziren ikurrinak. Uste dut merezi duela gaur emakume haiei omenalditxo bat egitea".

1977an udalbatzako zinegotzi Gurutz Jausorok, bestalde, gogoan izan zituen garai hartan Udalean zeudenak eta atzo plazan izaterik izan ez zutenak: "12 zinegotzi ginen orduan. Gaur zazpi egon gara hemen eta falta diren horien senitartekoak. Haiendako da nire lehenengo pentsamendua". Eta gogora ekarri gura izan zuen gazte garaiko apaiz Jesuita baten esaldi bat. "Hark esaten zuen, indarra beti ipintzen dela arrazoiaren gainetik. Guk, herri txikiok, badugu arrazoia, baina ez dugu indarrik. Orain ere, indarrak inposatu egin du eta arrazoia bigarren mailan gelditu da".

Aramaion ere, ikurrinari omen

Aramaion ere omenalditxoa egin zioten ikurrinari, atzo, arrazoi bera tarteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak