Energia aurreztuko dute Errekaldeko fatxada berriarekin

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko abenduaren 3a

Ulma Architectural Solutions enpresan egiten duten materialarekin egindakoa da. Hiruzpalau graduren aldea nabarituko dute, bai neguan bai udan.

Fatxada berria eta igogailua du Errekalde auzoko 31. zenbakiak uztailaz geroztik. Ikusgarria da, batez ere lehengo fatxada zaharrarekin konparatuz gero, eta herritarren arteko berbeta gaia ere izan da. Bada fatxada berri horrekin, energia aurreztuko dute atari horretan bizi diren bizilagunak.

Ulmako materiala

Altube Artabe Baquedano Arquitectos enpresak egin ditu lanak. Horko kolaboratzaile da Mikel Altube arkitekto tekniko oñatiarra, eta gertutik jarraitu ditu lanak. "Lehengo fatxadari bost zentimetrotako beira-zuntzezko geruza itsatsi diogu eta gero Ulma Arquitectural Solutions enpresak lantzen duen materialarekin egindako plakekin egin dugu fatxada berria. Bien artean, baina, zortzi zentimetrotako aireztatutako ganbara bat utzi dugu. Orain fatxadak ez du etxebizitza ukitzen, eta horregatik igarriko dute bizilagunek energia kontsumoan", argitu du Altubek.

Hiruzpalau gradu

Aurreztuko duten energia zenbaterakoa izango den argitzeko, adibide hauxe jarri du Altubek: "Fatxada berri honekin, hiruzpalau gradu irabaziko dituzte bizilagunek. Hau da, kanpoan 0 gradu egiten badu, barruan lehen baino hiruzpalau gehiago egingo ditu, eta kanpoan 30 egiten badu, lehen, agian, 25 egongo ziren etxe barruan eta orain 22 inguru egongo dira. Beraz, neguan eta udan igarriko dute abantaila. Egia da oraintxe hasi direla aurtengo lehenengo hotzak baina aurtengo negua pasatzean nabarituko dute abantaila bizilagunek".

Fatxadaren lana egiteko Jaurlaritzak emandako energia efizientziaren Renove Planaren diru-laguntza jaso dute bizilagunek. 33 zenbakiko atarian ere fatxada bera egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak