Herria ikurrinaz betetzeko dei egin du Oñatiko udalbatzak

Ikurrinaz josi gura dute domekan Oñati. Udalbatzak egin du deia, Espainiko bandera udaletxean jartzera behartzen dituen sententzia betetzeko epea bukatzeko egun batzuk besterik falta ez direnean. EH-Bilduk eta EAJk bat egin dute deialdian. Auzitegiaren erabakia betetzeko asmoari buruz, ordea, ezer gutxi aurreratu dute oraingoz. Espainiako bandera jarri egingo dutela dio alkateak, baina ez noiz edo zelan.

Geurea ikurrina, inposaketarik ez! lelopean ekitaldi bat baino gehiago antolatu dituzte asteburu honetarako. Domekan izango dira gehienak: 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan lelo horrekin, eta, segidan, Oñatz dantza taldeak emanaldia egingo du; gero, Udal Musika Bandaren kontzertua egongo da. Gaur, egubakoitza, berriz, ikurrinaren gaineko hitzaldia egingo du Iñaki Egaña historialariak osoko bilkuren aretoan. "Espainiako banderaren inposizioaren harira antolatu ditugun ekitaldiak izango dira, baina izango dira ikurrinari omenaldia egiteko", argitu du Mikel Biainek, Oñatiko alkateak.

Horrela, domekan balkoietan ikurrinak jartzeko dei egin diete herritarrei udalbatzako kideek. Eta herriko elkarte gastronomiko eta eragileei ere egin diete dei, dituzten ikurrinak kanpora atera ditzaten domekan. Udalak, gainera, 500 ikurrina inguru jarri ditu salgai herriko okindegietan lau eurotan.

Bandera

Euskal sinboloen defentsa hori, hain zuzen, Espainiako bandera jartzera behartu dituen sententzia betetzeko epearen azken egunetan egingo da. Izan ere, 2011ko abuztuan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik jasotako errekerimendu baten haritik  helegiteen bitartez bide administratiboa agortu ostean, 2013ko uztailaren 3an Euskadiko Auzitegi Nagusiko Auzi Aretoak sententzia irmo bitartez udal eraikinean Espainiako bandera jarri beharra ebatzi zuen. Irailaren bukaeran bi hilabeteko epea eman zuten Espainiako bandera udaletxeko fatxadan eta osoko bilkuren aretoan jartzeko. Orduko osoko bilkuran, berriz, puntu hau onartu zuten, besteak beste, aho batez, Lourdes Idoiagak eguazteneko prentsaurrekoan gogoratu zuen moduan: "Udal honetatik, euskal nortasuna eta gure nazioaren izaera ukatu nahi dutenen aurrean, zutitzeko dei egiten diogu euskal jendarteari". Espainiako bandera noiz eta zelan jarriko duten, baina, ez dute oraindik argitu udalbatzako kideek.

1977ko udalbatza

Bestalde, urtarrilaren 19an ekitaldi berezia egingo dute osoko bilkuren aretoan. 1977ko udalbatzako zinegotziak eta egungoak elkartu eta plaka bat jarriko dute. Horren ostean elkarretaratzea egingo dute eta dantzariak eta Udal Musika Bandaren emanaldia ere egongo da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.