15:55ean gertatu zen istripua. Tamaina txikiko atoi edo erremolke bat zeraman traktore bat kamioi batekin gurutzatu zen, bide zati estu eta aldapatsu batean. Ertzaintzatik adierazi dute, istripu lekuan zeuden lekukoek kontatu zutenez, bi ibilgailuak ezin zirela batera igaro eta traktorearen gidariak bazterreratu eta maniobra bat egin zuela atzeraka; une horretan erruberak irristatu egin zirela, nekazaritza-ibilgailuaren desoreka eragin zuela horrek, eta ondorioz, bertan zioan gizonezkoa errubera azpira erori zela.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin, gidariaren heriotza baieztatu besterik. L.U. inizialdun 56 urteko gizonezko oñatiarra da hildakoa, Olabarrietako Bernalena baserrikoa. Donostiako Auzitegiko Patologiako Zerbitzura eraman zuten gorpua. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, heriotza-istripua eragin duten baldintzak argitzeko.