Biolentzia berbala atzo, zapatua, Oñatin

Jagoba Domingo 2013ko aza. 24a, 20:11

Rap musikaren gotorleku bihurtu zen zapatu gauean Oñatiko Gaztelekua. Jende gutxi, baina taldeek ikusleak ederki asko poltsikoratu zituzten, kontzertuko parte aktibo bihurtuz; eta hori ez da lan makala izaten.

Gaua hotz xamar hasi bazen ere, pixkanaka berotuz joan zen Duo Kie madrildarrekin lehertu aurretik. Gaztelekua saltoka jarri zuen bikoteak, eta publikoak gehiago nahi zuen arren, amaiera ezin hobea eman zioten Oñatiko rap jaialdiari.

Rap estilo ezberdinak entzuteko aukera egon zen zapatuan; Autodidaktas Fox gasteiztarren rap klasikoagotik, Irungo RushBlacka hirukotearen rap-hardcorera eta 90ko hamarkadan hasi  ziren Duo Kie-ren eromenera arte. Azken horiek izan ziren gaueko errege zalantza izpirik gabe; taula gainean egoten jakitea, harropuzkeria eta kantuen artean, bakarrizketetan maisu.

Rap gasteiztarra

22:30 pasata zirenean igo zen gaueko lehenengo hirukotea taulara; Autodidaktas Fox. Argitaratu berri duten Autoestima diskoan bikote bezala aurkezten badira ere, zapatuan Dj Clandestino izan zuten diskoak jartzen.  Sam eta Fox bikotea gaueko lanik gogorrenaz arduratu zen, publikoaren hasierako beldur edo distantzia murrizten saiatzea. Eta egia esan, pixkanaka edozein kontzertuk behar duen gertutasun hori lortu zuten. Raperoen eta Hip Hop kulturaren duintasuna aldarrikatu zuten, eta taldeen artean rap lasaiena egin arren, jaialdia hasteko aukera ona izan zen.

Biolentziari goraipamena

Rottweiler-ak bailira igo ziren eszenara Kallid, Dokk Skandal eta Dj Rask irundarrak. Hasieratik argi utzi zuten, eurena rap-hardcorea dela, hitz gordinak, zuzenak eta jarrera oldarkorra. 

Lengua bifida diskoa aurkezteari ekin zioten, eta taula biolentziaz eta agresibitatez bete zuten; sentimendu hori ikusleengana transmitituz. Emanaldi bizia eskaini zuen RushBlacka hirukoteak, eta Euskal Herrian kalitatezko rap musika egiten dela argi utzi zuten, hori bai, kantu batzuetan Kallid abeslariari jarraitzea zaila izan zen.

Ongietorri 'Inferno'-ra

Gaueko momentua heltzear zegoen, eta publiko gaztetxoarenaren artean urduritasuna nabaria zen; Duo Kie-ren kantuak ikasita zituzten, eta esperotako momentua heldu zen.

Espainiar estatuko rap mugimenduan errege dira Locus eta Nerviozzo MC-ak. Rap-hardcorea da bikotearen ikurra, eta Oñatin Inferno disko berriaren errepasoa egin zuten; hori bai amaitzeko, Charlie Sheen klasikoarekin eromena eraman zuten Gaztelekura.

Emanaldia bi zatitan banatu zuten, baina momentu oro kontzertuaren tempoa bikain kontrolatu zuten, publikoarekin konexio paregabea lortuz. Azpimarratzekoa ere, Dj Yulianek emandako ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak