Rap musika jaialdia, Oñatin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 22a, 17:00

Bihar, zapatua, rap musikaren topaleku bilakatuko da Oñatiko gaztelekua, 22:00etan hasita. Jaialdi indartsua prestatu dute: Gasteizko Autodidaktas Fox, Irungo Rushblacka eta Madrilgo Duo Kie etorriko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude, Oñatiko Pako eta Boga tabernetan eta baita Arrasateko Taupa tabernan eta Gasteizko Gora tabernan ere. Hala ere, bihar leihatilan ere izango dira, horiek ere, zortzi eurotan.

Mikel Fernandezek eta Igor Agirrek, herriko bi musika zalek,  proposatu  zuten biharko jaialdia.   "Musika estilo asko entzun izan dut beti eta azkenaldian rap musikak, bereziki erakartzen nau. Gaztelekura jo genuen kontzertua egiteko proposamenarekin eta  Udalaren laguntzarekin, aurrera atera dugu aspalditik buruan geneukana" dio antolatzaileak.

Hemengo eta Madrilgo rap-a

Hasiera bateko asmoa, rap kontzertu txiki bat antolatzea zuten: "Lagunak ditut Gasteiz eta baita Irunen ere, eta horien atea jo genuen lehenengo, baina azkenean Duo Kierengana joatea ere pentsatu genuen. Proposatutakoa gustatu, eta Oñatira etorriko dira" dio Fernandezek, eta zera gaineratu du: "Bata bestearen atzetik joango dira jotzen. Hasiera baten taldeen arteko lotura egiteko DJa ekarri gura genuen, baina taldeei minutuak kenduko zizkieten penaz, azkenean ez da DJrik izango nahiz eta ezin ukatu, giro polita sortuko lukeela".

Pablo Same eta Mikel Foxek osatzen duten Gasteizko Autodidaktas Fox taldeak irekiko du jaialdia. "Orain artean, Pablok egin izan ditu beti musika-baseak eta Mikelekin batera rapeatu du. Gaztelekuan aurkeztuko duten lanean berriz, Pablok musikaren edizioan jarri ditu indar guztiak eta Mikeli utzi dio rapeatzen protagonismo osoa".

Rushblacka taldeak hartuko du Gasteiztarren lekukoa; Kallid, Dokk Skandal eta Dj Raskek osatzen duten Irungo rap taldeak, bada. Rap-hardcore estiloa jorratzen dute. Azkenaldian Duo Kieren teloneroak izan dira".

Jaialdiaren izarrak baina, Javier Diazek, Locus, eta Eduardo Sanchezek, Nerviozzo, osatzen duten Duo Kie madrildarrak dira. "Estatuko rap talderik indartsuenetakoa da gaur egun. De cerebri mortis lanarekin jo zuten, nire ustez, pelotazoa. Rap-hardcore estiloan dihardute; baina azkenekoa, ez da hip-hopa bakarrik, besteak beste, gitarra asko sartu dituzte-eta. Rapari haize berria eman diotela esango nuke nik" gaineratu du Fernandezek.

Hip hop-a, musikaz haratago

AEBko kaleetatik datorren musika da rapa. "Zale naizen ikuspuntutik esango nuke, Hip-Hop kultura bat dela, kontzeptu global horren barruan dago rap musika eta baita beste hainbat osagai ere: graffiti, break dance, beatbox..." argitu du.

Euskal Herriko musika esparruan gero eta oihartzun handiagoa duela dio: " Interneten begiratuz gero, estilo horretako talde asko aurkituko ditugu nahiz eta kontzertu aretoetan errealitate hori horrenbeste ez islatu gero. Gasteiz eta Bilbon mugimendu handiagoa dago".

Orokorrean, musika zale guztiei egin die gonbitea: "Prezio horretan, luxua da punta-puntako taldeak aurrez-aurre izatea". Haren hitzei lekukoa hartuz, bada, izan gaitezen, musika kontuetan ere, pixka bat kurioso eta zabal ditzagun belarriak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak