Jostailu erakusketa egingo dute azaroaren 23an eta 24an, Txaloka Udal Ludotekan

Irati Goitia 2013ko aza. 19a, 12:50

Jostailuak ikusteko aukeraz gain, gurasoek informazioa jasotzeko, kezkak argitzeko eta gomendioak eskatzeko aukera izango dute. Horretaz gain, jostailuak probatzeko aukera ere egongo da eta jolas kooperatiboen gunea.

Bi urtetik zortzi urtera bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako jostailu erakusketa egingo dute Txaloka Udal Ludotekan azaroaren 23an eta 24an. Goizean, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara.

Bereziki ikuspegi hezitzailea jasotzen duten jostailu bilduma izango da, baina erakusketa ez da izango erakusleiho huts bat, besteak beste: jostailuak ukitu, manipulatu eta eurekin jolasteko aukera egongo da. "Jostailuak kaxetatik atera eta nola jolasten den jakiteko aukera eskaintzen dugu, hala, jostailuek arrakasta gehiago izango duela ziurta dezakegu. Jostailuak gustokoak diren edo ez jakiteaz gain, haurrekin jolasteko momentu bat hartzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu", diote Txaloka Ludotekatik. Nobedadeak ezagutzeko, aholkuak jasotzeko eta gomendioak eskatzeko aukera ere izango da.

Jolas kooperatiboen gunea

Jolas kooperatiboek eta bitxiek txoko berezia izango dute, "gurasoek hezitzaileon partetik azalpen gune propio eta lasaia izan dezaten", adierazi dute Txaloka Udal Ludotekatik. Gaineratu dute: "Mota honetako jolasek, bereziak eta ez oso ohikoak diren aldetik, gurasoengan harridura eta interes handia sortzen dute. Hori da eurentzako bereziki espazioa sortzearen zergatia".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak