50. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin dute Oñatiko Zuazola institutuan

Urteurrena ospatzeko bisita egin dute institutuko instalazioetan eta ekitaldi ofiziala ostean. Lunch-a eta bazkaria ere izan dituzte. Ekitaldi ofizialean Oñatiko alkate Mikel Biain eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari Gema Gonzalez de Txabarri eta Jose Manuel Bujanda izan dira, besteak beste. Jerardo Elortza historialari oñatiarrak institutuaren ibilbidearen gaineko hitzaldia egin du.

Ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, garai bateko irakasleak, gurasoak eta instituzioetako ordezkariak elkartu dira gaur goizean Zuazola institutuaren 50. urteurreneko ospakizunetan.

Bisita gidatua

Lehenik bisita egin dute institutuko instalazioetan. Hala, guztiek ere azken berrikuntzak ikusteko aukera izan dute. Eta hortxe sortu da anekdota. Egungo institutuko irakasle bat arbel digitala zer den eta nola erabiltzen den azaltzen ari zenean, Elena Valbuena lehen ikasturteko irakasleak esan du: "Erraztasun gehiegi ematen dizkiozue egungo ikasleei eta xarma gutxiago dute gelek". Eta gaineratu du: "Egungo irakasleek lan gutxiago egiten dute". Zur eta lur utzi ditu guztiak.

Bisitan ikasleen argazkiez eginiko bideoak ikusteko aukera egon da eta gustura ikusi dituzte baita pasilloetan jarrita zeuden antzinako argazkiak. Bat baino gehiago izan dira adi-adi argazkiei begira, ea nor ezagutuko.

Lehen ikasturtean ikasle izandako Santi Mendiolak esan digu: "Aldatu den bakarra da proiektagailuak jarri dituztela; eta lehen gurutzea eta Francoren argazkia zeudela gela guztietan".

Ikasleek patioan duten ortua ere bisitatu dute.

Ekitaldi ofiziala

Bisitaren ostean, ekitaldi ofiziala egin dute institutuko aretoan. Bertan hitz egin dute  Oñatiko alkate Mikel Biainek, Hezkuntza Saileko ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrik eta Zuazola institutuko zuzendari Leire Iturriozek. Biainek, besteak beste, Lomce legea kritikatu du eta hezkuntzan ezin dela murrizketarik egin esan du. Horretaz gain, institutuaren ibilbidearen gainean ere mintzatu da. Gonzalez de Txabarrik esan du: "Zorionak 50 urte hauetan lanean aritu zareten guztioi. Izan ere, ikastetxetik bisita egin besterik ez dago, gauzak ondo egin direla ikusteko". Iturrioz zuzendariak eskerrak eman nahi izan dizkie gaurko ekitaldira joandako guztiei eta institutuak bere ibilbide guztian bizi izan dituen aldaketez ere mintzatu da: "50 urte hauetan institutuak aldaketa asko bizi izan ditu. Guzti hau posible egin duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet".

Instituzioetako ordezkarien hitzen ostean, Sara Biain ikasleak gitarra klasikoaz bi pieza jo ditu.

Jerardo Elortzaren hitzaldia

Institutuaren ibilbidearen eta historiaren xehetasun gehiago eman ditu Jerardo Elortza historialari oñatiarrak. Antzinako argazkiak ere erakutsi ditu eta jende guztiak zirrara bereziaz entzun ditu bere kontakizunak, besteak beste, erakutsi dituen irudien artean: 1963ko inaugurazio ekitaldikoa, laborategiaren bedeinkaziokoa, lehen ikasturtekoa, ikasleak gimnasia egiten agertzen direnekoa Sancti Spiritus unibertsitatean eta eraikin berriaren lanetakoak.

Omenaldia

Gaurko bisitan eta ekitaldian izan dira lehen ikasturteko irakasle Elena Valbuena eta zuzendari Juan Jose Iraola. Biei ere lora sorta eta lehen ikasturteko argazkia eman dizkiete, garai arteko bi ikaslek: Santi Mendiolak eta Maria Isabel Biainek. "Oso hunkituta nago, eskerrak eman nahi ditut egin duzuen guztiagatik", esan du Valbuenak.

Ostean, institutuko ikasle den Maider Arregik lau bertso abestu ditu. Ekitaldia amaitzeko, 50. urteurreneko argazkia atera dute. Euren bildumara beste argazki bat gehiago gehitzeko eta beste horrenbeste urtez bilduma hori osatzen joateko asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.