Oñati, berriz ere plato erraldoi

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 13a, 16:44

Zinegileek eta ikus-entzunezkoen sortzaileek aukera paregabea dute asteburu honetan Oñatin, zapatuan egingo dute-eta bertan Oñatiko Laburmetrai Rallyaren 4. edizioa. Parte-hartzaileek, baldintza batzuk aintzat hartuta  minutu bat eta hiru minutu arteko ikus-entzunezkoak egin beharko dituzte egunean bertan. Egubakoitzean amaitzen da izena emateko epea.

Oñatiko Film Laburren  Rallyaren laugarren edizioari esker, berriz ere plato erraldoia bihurtuko da Oñati zapatu honetan. Bertan parte hartzen dutenek, egun luzea izango dute aurretik. 08:00etan elkartuko dira antolatzaileekin, eta orduan jakingo dituzte aurtengo rallyan bete beharreko baldintzak: gaia zein den eta zein objektu agertu behar den. Oñatiko hamar lekuren zerrenda ere jasoko dute, eta horietako bi agertu beharko dira gutxienez film laburrean. Lanek minutu bat eta hiru minutu arteko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz egon beharko dira.

Dagoeneko hamasei taldek eman dute izena eta parte-hartzaile kopurua mugatuta egongo da, gehienez 20 taldek hartu ahalko dute-eta parte. Partaideak 15 urtetik gora izan behar dute, eta talde bakoitzean gehienez hamar pertsona egon ahalko dira.

21:30ean, lanen aurkezpena jendaurrean

Grabaziorako zein posprodukziorako beharrezko materiala talde bakoitzak eroan beharko du, eta Gaztelekuan izango dute lan egiteko lekua. 19:30erako lan guztiek amaituta egon beharko dute, eta ondoren luntxa egongo da parte hartzaileendako. Orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Izen zehatzik eman ez arren, antoilatzaileek aurreratu dute besteak beste aktore ezagunek osatuko dutela epaimahaia.

21:30ean lan guztien proiekzioa egongo da Santa Ana aretoan, eta bertara joango diren ikusleek ere sari bat erabakiko dute. Epaimahaiaren lehen saria irabazten duen taldeak 300 euro eroango ditu etxera; bigarren saria 150 euro izango da eta hirugarrena, 100 euro. Ikusleen saria ere 100 euro da. Sari banaketa 23:00etan izango da, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, parte-hartzaileentzat izango da sorpresarik.

Izena ematea

Interesa dutenek, egubakoitzera arte eman ahalko dute izena, eta horretarako Oñatiko Film Laburren Rallyaren webgunean dagoen dokumentu bat bete eta antolakuntzaren helbide elektronikora beharko dute. Zapatuan, 08:00etan goizeko zortzietan ere eman ahalko da izena, baina hori egiten duten taldeak ikusleen saritik kanpo geratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak