Guardia Zibilaren "jazarpena, mehatxuak eta irainak" salatu ditu Josu Lizarraldek

Jon Berezibar 2013ko aza. 12a, 19:32

Duela astebete Guardia Zibilak egin zion "legez kanpoko itaunketa" salatu du Oñatiko Josu Lizarralde zinegotziak gaur. Sortu alderdiaren Kontseilu Nazionaleko kide ere badenak, mehatxu zein irainak eta "jazarpena" salatu ditu. Oñatiko bidean, hormigoi-makinan autoa gerarazi eta baso-bide batera eraman zutela salatzen du. Antza, ez ei da "mehatxuak" mota hau jasaten duen lehen aldia.

Gaur goizean Donostian egin du agerraldia Josu Lizarraldek Pernando Barrena Sortuko bozeramailearekin, Mikel Biain alkatearekin eta Maialen Urzelai zinegotziarekin batera.

Duela astebetekoa da Lizarraldek salatzen duen gertaera. Arrasaten egin zuten bilera batetik bueltan, lehengo aldiz Elorregiko biribilgunean egin zuen topo Guardia Zibilarekin. Oñatiko bidean dagoen Osinurdin biribilguko hormigoi-fabrika inguruan zegoen Guardia Zibilaren bigarren dispositibo batek gerarazi zion autoa, ordea, 21:15ean, azaltzen duenez. "Han beste bi patrol zeuden eta miatu egin ninduten" eta hortik "50 bat metrotara" baso bide baten barrena sartu zutela azaltzen du, "ilunpean", itaunketarekin jarraitzeko. Lau guardia zibilek eroan zutela azaltzen du eta bik armekin zaintzen zuten bitartean, beste biek itaunketa "ilegala" egin zioten.

Hain zuzen, momentu horretan egin zizkioten salatutako mehatxu eta irainak. Lizarraldek salatzen duenez, "nazka ematen duzu" moduko esaldiak esan zizkion agenteetako batek eta "gurasoen inguruko aipamenak" egin. Egun guztian zehar egin zituen mugimenduez galdetu zioten, antza, "haiek zeukatenarekin bat egiten ote zuen" frogatzeko eta, horregatik, zalantzarik ez du zinegotziak, jazarria izan dela esateko. Autoarekin egindako joan-etorriez ere galdetu zioten guardia zibilek eta baita Herriarako kideekin dauzkan harremanez ala Oñatin "indar errepresiboek alde egiteko dauden ekimenen inguruan ere".

Lizarraldek salatzen duenez ez da jazarri duten lehen aldia eta lehenagotik ere jasoak ditu mehatxuak postontzian, adibidez. Bergarako epaitegian salatu arren, Josu Lizarraldek dio salaketa guztiak "ikerketarik gabe" artxibatu dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak