Josu Zubia: "Estudioa esperientzia gogorra izan da, baina merezi izan du"

Jagoba Domingo 2013ko aza. 13a, 01:00

Josu Zubia oñatiar polifazetikoak lehenengo diskoa aurkeztuko du egubakoitzean etxean, Oñatiko gaztelekuan. Argitzal diskoa da Zubiaren estreinakoa, udan AME estudioan grabatutakoa, eta estudioko lehengo esperientziaz gehiago jakin nahian Oñatira jo dugu.

Duela urtebete txapelketak alde batera utzi eta zure karrera hasi zenuen; zelako urtea izan da?

Urte nahiko lasaia izan da; duela bi urte, oso urte gogorra izan zen, gauza larregi egin nituen. Aurten, diskoa prestatzen lasaiago ibili naiz, baina oso gogotsu.

Zergatik Argitzal?

Hasieran, nire asmoa diskoari Argia deitzea zen, proiektuaren izen berbera. Baina luze pentsatu ondoren, Argia izeneko hainbat gauza daude mundu honetan. Gainera, argi orok beti itzala dakar, lotuta dauden bi kontzeptu dira, eta hitz-joko horrek ematen dio titulua diskoari. Diskoan hitzaurre bat dago eta bertan azaltzen da argia zer izan daiteken; bere nortasunaren jabe den pertsona bat beste batzuentzako argia izan daiteke, baina argi horrek beti ekarriko du itzalen bat.

Estudioan lehenengoz, zelako esperientzia?

Uf... hasieran oso harrigarria izan zen; nolabait esateko, ez naiz musika aditua, eta klaketa jarri zidatenean...abesti guztiak klaketara moldatu behar izan nituen. Egia esan, oso zaila egin zitzaidan hasieran, hori izan zen gehien desmotibatu ninduena. Gainera, kantu guztiak bi aldiz grabatu behar izan nituen, soinu kontuengatik, Axular teknikaria ez zegoelako batere konbentzituta.

Zenbat denbora eman zenuen?

Uda hasieran, ekainean hasi nintzen, eta abuztuan amaitu nuen. Nire asmoa bi astean dena amaitzea zen, baina bai Axularren eta baita nire egutegiaren arazoengatik, luzatu egin zen.

Nondik nora diskoa?

Oso barruko diskoa da, oso gauza pertsonalak kontatzen ditu; ez bakarrik nireak, ingurukoenak ere bai. Sekula azaleratzea gura izan ez ditudan hainbat sentimendu daude bertan, ezkutuan, baina bertan. Lagun askok idatzi dudala bai, baina ez dela ulertzen esaten didate, baina apropos egindakoa da.

Egubakoitzean aurkeztuko duzu diskoa.

Bai, Oñatiko gaztelekuan aurkeztuko dut; oraingoan, talde eta guzti. Orain arte nik bakarrik ibili naiz, baina aurkezpenerako aldatzea erabaki nuen; horrek ez du esan nahi hemendik aurrera beti taldearekin joango naizenik. Taulara igoko diren lagunetako batzuek, gainera, diskoan parte hartu dute. Besteak beste, Izar Biainek akordeioa grabatu du, Ander Etxanizek baxua eta gitarra batzuk eta Naroa Zumaldek, Ganbara Txikiko abeslariak, ahotsa grabatu du eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak ere bi kantutan hartu du parte.

Non egongo da salgai diskoa?

Hasiera baten, egubakoitzean gaztelekuan jarriko dut salgai, baina beste hainbat lekutan saltzeko lanean nabil.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak