"Egun batzuk oso urduri pasa ditugu, eta hona etorri garenean larri nengoen. Baina akats batzuk egin arren, oso gustura gaude", zioen atzo iluntzean Axun Arzuagak, Ikusi Makusi talde oñatiarrak estreinatu berri zuen Vivir en Villa Titiritaina antzezlanaren egile eta zuzendariak.
Ez zen gutxiagorako. Oñatiko Santa Anan izan zen estreinaldia, Paske Lekuren Kultura Astearen barruan, eta aretoa ia guztiz bete zen. Ez bakarrik jendez, baita barre algaraz ere.
Sei ezezagun elkarrekin
Lortutako arrakasta horretan zeresan handia du Arzuagaren gidoiak. Kasualitatez Arantzazun topo egin eta elkarrekin bizitzera joatea erabakitzen duten sei adineko pertsonaren istorioa kontatzen du antzezlanak.
Bost emakume eta gizonezko bat dira, guztiak ere asko bizitakoak eta elkarrengandik oso desberdinak: inoiz ezkondu ez den Richard, ohe saltzailea izandakoa; Parisen vedette bezala ibilitako Adriana; Consuelo margolaria; Alicia, ama eta amona elizkoia... Elkarrengandik hain desberdinak izanda ere, denborarekin elkar ezagutzen joango dira, nolabaiteko familia berezia sortuaz. Horren testigu egiten gaitu antzezlanak: elkarrekin bizitzen hasi eta egun gutxira hasten da, eta bi pertsonaiaren arteko harremana sendotzen denean amaitu.
Komedia da obraren osagai nagusia; eta beti ere umorearekin, gaurkotasuneko kontuei ere egiten die erreferentzia gidoiak; pentsioen murrizketei, esaterako.
Gidoiaz gain, aktoreen lana ere aipatu behar da. Rosi Lucas, Angel Agirre, Josefina Martin, Ana Mari Lizeaga, Ana Mari Chacon, Tere Zubia, Karmen Goitia, Karmen Maiztegi eta Jabier Larrea dira aktoreak eta pertsonaiak sinesgarriak eta gertukoak egiteko profesionalak izan beharrik ez dagoela argi uzten dute.
Hainbat emanaldi aurretik
Aurreko antzezlanarekin, ¿Donde esta la pierna del alcalde?-rekin, hamabi emanaldi egin zituzten Ikusi Makusikoek, eta badirudi honekin ere bide beretik doazela.Dagoeneko badakite Elgetan eta Gernikan egongo direla, eta Oñatin beste emanaldi batzuk ere egingo dituzte: herritar guztien aurrean eta Santa Anako mojendako, esaterako. Izan ere titiritaina etxean denendako dago lekua, eta bertan egonaldia egiten dutenak seguru ez direla damutuko.