Musikegunak: musika klasikoa guztioi hurbiltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko aza. 8a, 20:42

35. edizioa du asteburu honetan Santa Ana aretoan ekingo duten Musikegunak programak. Aurrekoetan moduan, Oñatiko Udaleko kultura sailak antolatu du, Foru Aldundiaren laguntzarekin, musika klasikoa ardatz hartuta.

Lau emanaldi batuko ditu egitarauak; haurrentzako antolatu dute bihar, zapatukoa, eta publiko helduagorentzat, berriz, gainontzeko hirurak. Sarrerak aurrez erosteko aukera dago, barrabarra.eu atarian; helduentzako emanaldietarako txartelak sei eurotan eta hiru euro eta erdian, berriz, biharkoak.

Asteburuan bi ekitaldi

Opera divertimento taldearen Colas mago handia haurrentzako operak zabalduko du aurtengo edizioa; bihar, 17:00etan Santa Anan. Akto bakarreko 50 minututako ikuskizunean, Bastiana artzaina (sopranoa), haren maitalea Bastian (tenorea) eta Colas magoa (baritonoa) entzungo ditugu kantuan, agertokian beste bi aktore ere badira ere: Pepito, magoaren laguntzailea eta haren laguna.

Domekan, berriz, 19:30etan, Xabier Lizaso, piano-jolea eta Andoni Egaña bertsolaria igoko dira agertokira. Chopin pianista eta Xenpelar bertsolariaren antzekotasunean oinarrituta, musika, bertsoak, istorioak eta inprobisazioa uztartuko dituzte Bi arreba ikuskizunean.

Eta datozen asteburuetan santa Ana antzokian izango dira berriz, Emporako Ganbara orkestra (azaroak 17, 19:30) eta Musica Boscareccia (azaroak 24, 19:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak