Pintxo-poteoa zapatuan Arantzazun

Leire Kortabarria 2013ko aza. 8a, 11:07

Bihar, zapatua, hirugarren urtez perretxiko-pintxo-poteoaz gozatu ahal izango dute gura duten zale guztiek Arantzazun, Mikopoteo egunean. Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatu du, aurreko urteetako erantzun polita eta basoko fruituek inguruan duten zaletasuna ikusita. 

Aurtengo nobedadea da zaleen ikuspuntua gehituko dela, eta Lourdes Ugartek gaur egun perretxikoek pizten duten zaletasunaz hitz egingo du, 18:00etan Gandiaga Topagunean. Emakumezko zaleen ikuspuntua ere jorratuko du, hain ohikoa ez dena. 

Pintxoak eurak inguruko sukaldariek egindakoak izango dira: Zelai-Zabal, Arantzazuko Santutegiko Hotela, Sindika eta Goiko-Bentako sukaldariek, hain zuzen ere. Egileek eurek aurkeztuko dituzte aurtengo miko-pintxoak hitzaldia eta gero. Azkenik, 19:00etan, pintxoak dastatzeko aukera etorriko da, esandako jatetxeetan pintxo-poteo zirkuitua eginez. Pintxoa eta edaria euro eta erdian salduko dituzte.

Bertako kulturaren adierazle 

Arantzazuko Adiskideek Arantzazu ezagutarazteko ekintza gisa antolatu zuten lehenengo miko-poteoa, orain dela hiru urte. Izan ere, "udazkena sasoi berezia da bisitari asko bertaratzen direlako inguruotako perretxikoak batzera", eta publiko horri eskainitako ekintza da miko-poteoa.

Ekintza horrek bi ikuspegi ditu, hortaz: bata ludikoa eta bestea kulturala. "Alderdi ludikoa mikopotean garatuko da; alderdi kulturala eguna aberasteko garatzen da. Mikopoteorako, bertako jatetxe eta tabernek dastatuko diren mikopintxoen elaborazio zaindua egin dute, bertako kultura gastronomikoaren adierazle", esaten dute Arantzazuko Adiskideek.

Aurreko bi mikopoteo egunetan 40 bat lagun batu izan dira, adin guztietako zaleak, eta aurten ere, gutxienez beste hainbeste erakartzea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak