Ekarpen ugari egin dituzte herritarrek autobus zerbitzua hobetzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 30a, 16:38

Herritarren iritziak, proposamenak eta kexak jaso gura ditu Aldundiak, zerbitzu hobea eskaintzeko. Azaroaren 15a aurretik bete eta entregatu behar da zerbitzua hobetzen lagunduko duen galdegia.

Datorren urtean berritu behar ditu Gipuzkoako Aldundiak autobus zerbitzuen kontzesioak eta zerbitzu hobeagoa eskaintzeko helburuarekin, herritarrei galdetu gura die zertan hobetu daitekeen zerbitzu hori. Horretarako, bilerak egiten dihardute Gipuzkoako herrietan, baita Oñatin ere. Kale inkestak ere egin dituzte, eta galdetegi bat ere banatu dute, azaroaren 15a aurretik erantzuteko. Pake Lekun ere bilera irekia egingo dute ekarpenak jasotzeko.

Ekarpenak

Orain arteko ekimenetan herritarrek emandako iritziak eta ekarpenak bat baino gehiago dira. "Aipatu dute, esaterako, herrien arteko autobus zerbitzuen arteko ordutegien inguruko koordinazio falta dagoela. Hezkuntza zentroetara ordu jakinetan egoki iristeko zerbitzu gehiagoaren beharra dagoela ere bai, 20 minutuko maiztasunarekin eta autobusen arteko konexio egokiagorekin. Markesinetan dauden panel digitalak egokitzea ere eskatu dute, autobusa noiz datorren jakiteko. Horri lotuta, Oñatiko auzoetara joateko geltokiak zeintzuk diren ondo adieraztea ere bai, gidariek jakin dezaten non gelditu behar duten. Elorregiko geltokia txikia dela ere jaso dugu, batez ere bi autobus elkartzen direnean, eta ilun dagoenean segurtasun faltaren sentsazioa ere sortzen dela han", adierazi du Itziar Eizagirrek, autobus zerbitzua hobetzeko proiektuan Aldundiarendako lanean dabilen teknikariak.

Herrira begirako zerbitzuaz ez ezik, gai orokorragoen inguruko ekarpenak ere egin dituzte herritarrek Eizagirreren esanetan: "Adibidez, bailara mailako mugikortasun puntu nagusien (hezkuntza zentroak, lantegi nagusiak, aisialdi guneak, ospitaleak, erosketa zentroak ...) azterketa egitea eta horren araberako plangintza bat antolatzea".

Bigarren fasea

Ekarpenak jaso ostean, autobus zerbitzua hobetzeko proiektua idatziko dute abendutik 2014ko otsaila bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak