Yeray Varela: "Azkenean lortu dut"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urr. 28a, 14:29

Bospasei urtetan parte hartu eta gero, Yeray Varelak lortu du, azkenean: korrikalari oñatiarra Lasarte-Oria Bai! kroseko XVIII.edizioko txapeldun izan zen atzo –domeka–, ibilbideko 10,5 kilometroak 33 minutu eta 30 segundotan eginda. Asko jota hirugarren geratu da aurreko edizioetan; horixe izan da, hain justu, azken hiru urteetan lortu duen postua.

(Iturria:'www.txintxarri.info').

Lortutakoarekin pozik, oso pozik, dago Oñatikoa. Ez zen erronka samurra, bera denboraldia hasten ari bada ere, Behobiara begira daudelako korrikalari asko eta horiek oso prestatuta daudelako uneotan, lasterketa horretarako bi asteren faltan: "Behobia ez da nire helburua, baina bai beste korrikalari askorentzat, eta hori igarri egiten da. Izan ere, denboraldia orain hasten dugunak abuztu bukaera aldera hasi ginen entrenatzen, baina Behobiara joan asmo dutenak uztail bukaeratik edo abuztu hasieratik ari dira preparatzen", kontatu digu. 13 segundoko aldea atera zion bigarrenari. Emakumezkoetan, Amaia Carretero zarauztarra izan zen azkarrena; eta elbarrituen mailan, Imanol Martinez.

Varelarekin batera, beste oñatiar batek ere eraman zuen saria atzoko lasterketan: Sara Gomez korrikalari gazteak ere junior mailako garaipena lortu zuen, 47:24 denborarekin.

1.037 parte-hartzaile

Lasarte-Oria Bai! Krosa aurrenekoz irabazi arren, lasterketa batean azkarrena izatea ez da gauza berria Yeray Varelarentzat. Garaipen honek badu berezitasunik, ordea: "1.037 lagunek parte hartu dute eta esango nuke lehen aldiz irabazi dudala parte-hartzaile kopuru hain altuko proba bat".

Duela bi aste Arrasate-Oñati lasterketa irabazi zuen, hirugarrenez, Diego Garcia zenak eta Asier Cuevasek egindako lorpenetara hurbilduz; izan ere, azpeitiarra eta eibartarra Oñati-Arrasate lasterketa lau eta bost aldiz irabazirakoak dira, hurrenez hurren.

Aurreko aste bukaeran Donostiako 15 kilometroko proban izan zen, baina ez zitzaion nahi bezain ondo joan: "Ondo hasi nintzen, baina zortzigarren kilometroan barea jarri zitzaidan. Proba bukatu nuen, baina atzerago".

Bi aste barru, Behobiara

Asteburu honetan atseden hartuko du eta hurrengoan Behobiako lasterketan korrituko du: "Behobia ez da niretzako helburu bat, denboraldia hasten ari naizenez ez nagoelako maila gorenean oraindik. Iazko denbora –1:04:58– hobetzea edo berdintzea lortuz gero, pozik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak