Martitzenean Donostiako Doka antzokian egin zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, lan berria taldearen kutsua daraman sekuentzia bat da: Ez etsi orain, Poema edo Bihotzeko su gar hau abestien heavy klasikoenetatik, Txakurrak solte edo Bizirik gaude abestien erritmo suntsitzaileetara eta nola ez, baladak ere tartekatu dituzte: horiek, Zure argia eta Zure baitan abestiak.
Kantuen hitzak, berriz, Euskal Herriari eta euskarari buruzkoak direla dio taldeak, gaineratuz, ikuspegi zabalago batetik jorratu dutela borroka: bizirik jarraitzeko borroka eta sentimenduen borrokari kantatuz, besteak beste. Bizirik gaude laneko testu gehienak, Aitor Gorosabel abeslariak egin dituen arren, badira Borxa Arrillagarenak (hastapenetako Su Ta Gar taldearen bateria-jolearenak) eta baita Iker Rocandio, Su Ta Garren ohiko letra egilearenak ere.
Estudioko hamargarren lana
Su Ta Garrek eutsi egin dio duela zazpi urte hartu zuen autoekoizpenaren aukerari; hori horrela, Aitor Ariñoren eskuetan jarri dira beste behin eta Berrizko Lorentzo Records-en grabatu eta masterizatu dute atzo geroztik salgai dagoen eibartarren azkeneko lana. Gaur egun taldean, Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidarekin batera, Igor Diez eta Galder Arrillaga daude.