Datorren eguaztenenean, urriak 23, Jesus Egiguren etorriko da Oñatiko kultura etxera. Alderdi sozialistako kideak, politika kontuak baino, historiakoak izango ditu hizpide kasu honetan. Izan ere, Anjel Amigo zine ekoizlearekin batera, Lope Agirreri buruzko dokumentala prestatzen ibili da Egiguren, produktore moduan, eta dokumental horri buruz hitz egingo dute biek. Lope Agirrek Amazonasen egin zuena jasoko duen lanaz, alegia. Kultura etxean izango da solasaldia, iluntzeko 19:00etan.
Hori baina, ez da Lope Agirreri buruz aste honetan egingo den ekitaldi bakarra. Atzo, El Dorado filma eman zuten Antixena gaztetxean eta eguenean, Agirre eta Agirre la cólera de Dios filmak. Gaur, berriz, Loperen jatorri aramaioarraz jardungo dute kultura etxean, eta zapatuan kale antzerkia egingo dute. Erakusketak ere zabalik jarraituko du.