Joseba Egibar: "Herri honek hiru desafio ditu: krisia; bakea eta bizikidetza; eta erabakitze eskubidea"

Irati Goitia 2013ko urr. 22a, 14:29

Joseba Egibar Oñatin izan zen atzo alderdiaren estrategia politikoaren gakoen gainean hitz egiten. Hala, Euskal Herriak egun hiru desafio nagusi dituela esan zuen: krisi ekonomikoa; bakea eta bizikidetza bermatzea; eta erabakitze eskubidea lortzeko urratsak ematea.

Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea Oñatiko Batzokian izan zen atzo. Hainbat gairen gainean egin zuen berba, besteak beste: itun fiskala, aurrekontuak eta alderdien arteko itunen inguruan. Baina oñatiarrei, alderdiko kideei, egungo arazoei aurre egiteko alderdiak hartuko dituen ildo politikoak zeintzuk izango diren ere azaldu nahi izan zien. "Egoera politikoari pultsua hartzea da garrantzitsua eta gai ezberdinen inguruan klabe batzuk eskuartean edukitzea", adierazi zuen.

Hiru desafio

Hala, Euskal Herriak hiru desafio nagusi dituela adierazi zuen: "Krisi ekonomikotik irtetea; bake eta bizikidetza bermatzea; eta herri honek erabakitzeko behar duen estatus berri horren bidean urratsak ematea". Egungo politikaren nondik norakoak hiru desafio horietan banatzen direla ere esan zuen, hain justu. 

Gaineratu zuen desafio horiei aurre egiteko ezinbestekoa dela elkarlanerako guneak sortzea: "Bakarrik ez dago egiterik dena. Alderdiak bere tamaina dauka. Euskal Herrian izango da gure tamaina, Gipuzkoan badira beste alderdi politiko batzuk, eskualde honetan Bildu ere hortxe dago, baina etorkizuna irabazteko elkarren arteko lana behar-beharrezkoa izango da. Ez da egongo batak bestearen aurka eginda aurrera egiterik". Hala, alderdi bakoitzak bere ibilbide propioa egiten badu, norberaren mesedetan izango dela esan zuen eta ez herrigintzaren mesedetan. Gaineratu zuen alderdi politikoek badutela erabaki estrategikoak hartzeko indarra, eta baita gauzak aldatzekoa ere, baina gauzak ez direla egun batetik bestera aldatzen eta urratsak eraginkorrak izateko ezinbestekoa dela elkarlana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak