Mugikortasuna hobetzeko bidean, oñatiarren ohiturak ezagutzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urr. 21a, 17:57

Oñatiko Udalak Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan beste urrats bat eman du. Azken helburua da oñatiarrak beste era batera mugitzeko ohiturak finkatzea eta hori lortu baino lehen herritarrak egun nola mugitzen diren jakitea ezinbestekoa da: "Datu bilketa egiten ari gara herritarrak nola mugitzen diren jakiteko. Euren ohiturak ahalik eta zehatzen ezagutu gura ditugu", adierazi du Leire Egaña Ingurumen zinegotziak.

Uztailean esleitu zitzaion Kataluniako Intra enpresari plana egitea. Lana ez da hutsetik abiatzen, herrian aurretik beste plangintza batzuk eginak daude-eta: irisgarritasun plana, bizikleta plana edota energia iraunkorraren inguruko ekintza plana, besteak beste. Intra enpresa orain arteko dokumentuak batu eta mugikortasunaren oinarrizko diagnostikoa egiteko datu bilketa egiten dihardu.

Lehen fase honetan, kale inkestak eta hainbat faktoreen inguruko neurketak egingo dira. Hau da, egungo egoeraren argazkia osatuko da. Horretarako, Intrako teknikariak joan den astean hasi ziren kale galdeketak egiten. Asteon ere jarraituko dute galdeketokin.

Udalak herritarren kolaborazioa eskatzen du eta horregatik inkesta horiek betetzeko aukera ere badago Udalaren webgunean –www.oinati.eu–.

Mugikortasun Foroa

Herritarren ekarpena ez da galdeketa horietara mugatuko. Mugikortasunaren egoera hobetu gura dute: "Herritarrendako Oñati bat nahi dugu, autoak ez dezala lehentasun izan. Herri barruan autoa erabiltzeko ohitura alboratu behar dugu", uste du Egañak. Proposamen zehatzak eztabaidatzeko Mugikortasun Foroa sortuko da azaroan, eta hor ere herritarren parte-hartzea eskatzen dute. Hiru edo lau bilera egingo dituzte; parte hartu gura duenak udaletxeko telefonora deitu beharko du (943 78 04 11).

Mugikortasun planaren barruan hainbat aldagai kontuan hartu behar direla aurreratu du Oñatiko Udalak: oinezkoak, bizikletak eta bidegorriak, garraio publikoa, auto pribatuak eta aparkalekuak... Plana urte bukaerarako amaitzea espero dute.

Aldundia ere, lan horretan

Gipuzkoako Foru Aldundiak herri arteko autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua abiatu zuen orain gutxi eta Oñatin urriaren 15ean egin zuten geldialdia. Oñatin, autobus urbanorik ez dagoenez, Lurraldebusek zerbitzu berezia eskaintzen du. Garraio publikoa erabiltzen duten guztiei eta interesa duten herritarrei zuzenduta dago ekimena. Bilerez gain, Internet bidez ere egin daiteke ekarpena. Galdetegi bat bete daiteke 'www.garraioahobetzen.net' webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak