Bete betean hasi du ikasturtea Azkoagainek

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 18a, 12:08

Aloña Mendiko, Eskola Kiroleko eta beteranoen partiduak han jokatuko dituzte. Eskola Kiroleko asteburuko partiduak eta beteranoen txapelketa bihar, zapatua, hasiko dira.

Bete betean hasi du ikasturtea Azkoagain futbol zelaiak. Asteburuetan jokatzen diren partiduez gain, herriko futbol taldeek hortxe egiten dituzte entrenamenduak. Eskola kiroleko partiduak ere hantxe izango dira eta beteranoek ere Azkoagainen jokatuko dituzte aurtengo txapelketako lehiak. "Araututako herriko futbol taldeek Azkoagainen ibiliko dira, bai; baita Eskola Kirola ere, oraingoz, behintzat. Ikasturtea horrelaxe hasi da", baieztatu du Oskar Karraskal udaleko kirol teknikariak.

Larrañako futbol zelaia ere erabilgarri dago eta eskola orduetatik kanpo edozein herritarrek edo taldek erabili dezake. Oraingoz, baina, futbolean jarduten duten herriko taldeek ez dute zelai hori erabiliko. Erabili gura duenak, baina, Zubikoa kiroldegian egin behar du eskaera.

Aloña Mendiko 11 talde

Aloña Mendik jakinarazi duen moduan, kirol elkarte horretako futbol saileko talde guztiak Azkoagainen entrenatzen dute. "Denboraldi aurrean talderen batzuk, puntualki, erabili dute Larrañako zelaia, baina garai honetan, eta Larrañan argi artifizialik ez dagoela kontuan izanda, futbol zelai hori ezin dugu erabili", gehitu dute Aloña Mendiko futbol saileko kideek.

Ohorezko erregional mailatik alebin mailara bitartean, Aloña Mendiko 11 futbol taldek erabiltzen dute Azkoagain. 17:00etatik 21:30ea bitartean egiten dituzte entrenamenduak.

Beteranoetan, 16 talde

Bestalde, asteburu honetan hasiko da herriko futbol taldeen txapelketa, beteranoen txapelketa, alegia. Astean egin dute bilera eta bihar, zapatua, jokatuko dute lehen partidua; Paketinaikos eta Indar 85 taldeen arteko partiduak hasiko du euren denboraldi berria. Asteburu honetan zortzi taldek jokatuko dute, eta hurrengoan beste zortzik. Azkoagainen izango dira partiduak.

2013-2014 denboraldian 16 talde lehiatuko dira beteranoen txapelketan, iaz baino bi gutxiago. Baja eman duten taldeak dira: The Gibel Boys, Lozorromo eta Ankarteko. Deboraldi honetan lehiatuko den talde berria, berriz, Kili Kolo taldea da.

Bestalde, Eskola Kiroleko asteburuko partiduak ere bihar hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak