Fagor Industrial Taldea, aurrerantzean, Onnera Group izango da, arduradunek joan den eguaztenean jakinarazi zuten moduan. Talde berriak Fagor Industrialen egiteko moduak eta esperientzia jasotzen ditu, marka eta irudi korporatibo berriarekin. Zazpi marka –Fagor, Asber, Edesa, Danube, Domus, Primer eta Efficold– merkaturatzen ditu.
Onnera Group izenarekin, jatetxeetarako, garbiketarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamendu-soluzioak ematen jarraituko du taldeak, eta aldaketak ez die eragingo orain arte izan dituen harremanei.
Taldeari aldatu diote izena eta irudia; Oñatiko Fagor Industrial S. Coop.-ek berdin jarraituko du.
Errazago ezagutzeko
Kepa Bedialaunetaren, Onnerako zuzendari orokorraren esanetan, "errazago errekonozitu" daitekeen izenarekin lehiatuko dira orain, eta marka guztiak hartuko ditu izen berriak. Izen aldaketa plan estrategikoaren aurretik egin duten hausnarketatik dator, eta "marka bakoitzari balioa emateko eta kanpoan ezagutarazteko bultzada" da, arduradunen esanetan.