Guardia Zibilari Euskal Herritik joateko eskatuko diote beste behin

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 10a, 15:10

Oñatiko Fan Hemendik! batzordeak elkarretaratzeak eta manifestazioa antolatu ditu zapaturako. Eragile ezberdinek hartuko dute parte mobilizazioetan.

Urriak 12 da zapatuan eta Oñatiko Fan Hemendik! batzordeak elkarretaratzeak eta manifestazioa antolatu ditu, "Guardia Zibilari esateko alde egin dezala hemendik, Euskal Herria bakean utz dezala".

Kuartel aurrean

Zapaturako antolatu dituzten mobilizazioen artean, kuartelaren aurrean egingo dituzten kontzentrazioak da berritasuna. Arratsaldean hasi eta iluntzera arte, manifestazioa hasi arte, elkarretaratzea egingo dute kuartelaren aurrean. Horretarako, baina, eta "kontzentrazioa indartzeko", eragile ezberdinekin egon dira Fan Hemendik! batzordeko kideak, eta eurekin batera antolatu dituzte kontzentrazioak.

Horrela, Oñati eta kanpoko herrietako eragile ezberdinak txandaka hartuko dute parte 16:30ean hasiko den kontzentrazio horretan. 16:30etik 17:30era, eragile hauek hartuko dute parte kale agerraldi horretan: Sortu, Ernai eta LAB. Hurrengo orduan, hau da, 17:30etik 18:30era: San Martingo etxe okupatua eta Oñatiko talde feminista; eta 18:30etik 19:30era, Arrasate, Bergara eta Oñatiko gaztetxeak.

Elkarretaratzeak egingo dituzten denboran, Fan Hemendik. Utzi bakean Euskal Herria irakurri ahal izango den pankarta egongo da jarrita. 19:30ean, mezu horixe jasoko duen pankarta eskuan dutela hasiko dute manifestazioa, Foruen plazatik. Joan den urteko manifestazioan aldarrikatu zuten mezu bera, alegia. Iaz, gainera, Guardia Zibilei eskura, gutun baten bidez, eman zieten eskaera hori. Aurten ez diete gutunik entregatuko.

Deia

Fan Hemendik! batzordeko kideak zapatuko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatu gura diete herritarrei. "Altsasun herria militarki okupatu zuten Ospa! egunean, Leitzan barne ministroaren bisita izan zuten herriarena den eraikinean jarraituko dutela esaten, eta bakegintzan eta preso eta iheslarien eskubideen alde lanean diharduen mugimenduaren aurkako operazioa", ikusita, "pankartetatik jauzi egiteko momentua" dela zabaldu gura dute batzordeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak