Bihartik aurrera eman daiteke izena Udal ikastaroetan

Irati Goitia 2013ko urr. 7a, 12:00

Badatoz beste urte batez udal ikastaroak eta aurten ere askotarikoa da eskaintza, besteak beste: orratz lanak, eskulan dekoratiboak, bitxigintza, pintura eta zeramika. Aurten, baina, ohiko eskaintzaz gain, aldian aldikako ikastaroak eskainiko dira. Irratigintza ikastaroak ekingo dio berrikuntza honi.

Bihartik eman ahal izango da izena hilaren 19ra bitarte. Kultur etxean egin ahal izango da arratsaldez (16:30etatik 20:30etara) edo mezu bat idatzita honako helbide elektronikora: kultura.idazkaritza@oinati.net. Matrikulazio epea berriz, urriaren 21etik 31ra izango da. Ordaindu beharrekoa 75 euro helduek eta 55 euro haur eta gaztetxoek. 40 orduko ikastaroak izango dira. Bitxigintzaren kasuan, baina, ikastaro bakoitza 10 ordukoa izango da (matrikulazioa 25 euro da).

Orratz lanetan Arantzazu Lizarralde izango da irakaslea, eskulanetan Jasone Agirre , bitxigintzan Inma Graña, pinturan Luis Laskurain eta Lexeia Larrañaga eta zeramikan Arantxa Madinabeitia. Bitxigintzan bi ikastaro izango dira: hastapenekoa eta aurreratua. Bestalde, pintura eta zeramikan heldu zein haur eta gaztetxoei zuzenduko da eskaintza.

Eskainitako plazak baino jende gehiago apuntatuko balitz, aukeraketa zozketa bidez egingo da. Taldeak osatuta nola geratzen diren eta behin betiko egutegi eta ordutegiak urriaren 21ean arratsaldez jakinaraziko dira kultur etxeko harreran.

Irratigintza ikastaroa

Urteroko eskulan ikastaroez gain, ikastaro laburrak ere egingo dira hiru hilean behin edo, Udalak antolatutako eskaintza osatzeko helburuarekin. Hala,  Oñati Irratian egingo den ikastaroak emango dio hasiera berrikuntza honi. Kasu honetan, 12 orduko ikastaroa izango da, 14 urtetik gorakoentzat. Izen-emate datak eta modua beste ikastaroen berdina da, baina kasu honetan doakoa da. Bi egunetan egin daiteke ikastaroa: egubakoitzetan (17:00-19:00) edo zapatuetan (11:00-13:00). Ikastaroa azaroaren 9an edo 10an hasiko da, aukeratutako egunaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak