Errosaixo eguna dute gaur Oñatin

Xabier Urtzelai 2013ko urr. 6a, 13:39

Askok eta askok bixamona izango dute gaur Oñatin, baina gaurkoan ere bada non gozatu. Besteak beste: meza nagusia, motor klasikoen erakusketa, haur parkea, bandaren kontzertua eta patata tortilla txapelketa. Gauean, aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat: Cavalfoc piroteknia ikuskizun ibiltaria. Klikatu hemen egitaraua ikusteko.

Ekitaldiz betetako asteburua dute Oñatin oraingoa ere. Jaien bigarren asteburu honetan badira bai non gozatzeko aukerak. Atzo, herri eguna izan zuten, baina egubakoitzek dabiltza jaietan txantxikuarrak.

Kolore morea soinean

Egubakoitzean laugarren egun morea egin zuten. Hala, kolore morea soinean, aldarrikapen festa egin zuten: bazkari feminista, olinpiada moreak eta transmaribollo kalejira batukadarekin, besteak beste.

Gaztelekuan, bestalde, aurtengo berrikuntza izan den Zuk ekarri, zuk jan gaztetxoendako afaria egin zuten. Hezitzaileek lagunduta alkohol gabeko koktelak egin zituzten. Amaria Txintxurretak girotu zuen afaria.

Egubakoitzean falta ezin den urteroko beste zita bat da bertso jaialdia. Aurten, beste urte batez, bete egin zen pilotalekua.

Baserritarrez jantzita, kalera

Atzokoa, egun garrantzitsua da oñatiarrentzako eta eguraldia lagun, baserritarrez jantzi eta kalera irten ziren. Gustura ikusi genituen ume zein helduak herriko baserritarrek kalera jaitsi zituzten ganadu, asto, oilo, bildots eta txerri artean. Beste batzuk berriz, erosketak egiten zebiltzan barazki, fruitu eta gazta postuetan. Eta nola ez, artisauek ere ez zuten hutsik egin: narruzko poltsak, bitxiak, egurrezko kaxak... denetarik zen unibertsitatean. Jendetza batu zen baita sagardo dastatzeak, Foruen plazan.

Herri bazkarirako 800 lagun inguru batu ziren Zubikoa kiroldegian. Giro bikaina izan zuten txistulari eta trikitilariekin. Aurten, gaztetxean ere egin dute bazkaria eta 120 lagun inguru batu ziren.

Indar erakustaldia

Arratsaldean, herri kirolak izan ziren Foruen plazan. Lehenik, gaztetxoak ibili ziren nor baino nor gehiago. Herriko ikastetxe guztietako gaztetxoek hartu zuten parte eta indar erakustaldia egin zuten. Txingetan, oskolak batzen, soka tiran eta kontrabando proban ibili ziren, besteak beste. Gaztetxoen ostean, profesionalen txanda etorri zen. Hauek ere erakustaldi ederra egin zuten.

Gauean ez zen musikarik falta izan. Atzeko kalen erromeria izan zen Laja, Narbaiza eta Lutxurdiorekin; Foruen plazan Ai Ene taldearen emanaldia eta txosnagunean Joselu Anaiak.

Gaur ere bada non gozatu

Gaur, asko eta asko izango dira bixamonarekin, baina bada non gozatzeko aukera. Besteak beste: meza nagusia, motor klasikoen erakusketa, haur parkea, bandaren kontzertua eta patata tortilla txapelketa. Gauean, aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat: Cavalfoc piroteknia ikuskizun ibiltaria. Klikatu hemen egitaraua ikusteko.

Bihar kolorez beteko dira herriko kaleak Errosaixo Bixamona egunez. Parrandarako azken eguna izango da. Hemen egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak