Aho batez onartu dira Bilduren eta EAJren mozioak ez-ohiko bilkuran

Irati Goitia 2013ko urr. 5a, 11:57

Ez-ohiko bilkura egin dute gaur arratsaldean Oñatin, asteleheneko atxiloketak salatzeko. Bilduk mozio bat aurkeztu du eta EAJk beste bat. Biak onartu dira aho batez. 

“Ez-ohiko bilkura hau deitu genuenean oraindik denak atxilotuta zeuden. Ordutik hona, zorionez, albiste onak izan ditugu, denak aske delditu dira-eta. Nahiz eta, batzuk fidantzapean izan”, adierazi du Mikel Biain alkateak ez-ohiko bilkura hasi denean. Hala ere, arazoa larria dela adierazi du jarraian, besteak beste, herri mugimendu baten jarduna bi urterako eten dutelako eta horrek bere ilegalizazioa suposatzen duelako, eta mozioak aurkezteko arrazoiak badirela.

Hala, “iraganeko irudiak” errepikatu direla salatu dute Bilduk aurkeztu duen mozioan. Gaineratu dute Euskal Herrian egoera berri bat ireki dela ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik, baina PPren Gobernuak uko egin diola errealitate horri hasiera-hasieratik. Euskal presoen eskubideak ez errespetatzeaz gain, oinarrizko askatasun demokratikoak ere ez direla aintzat hartzen esan dute. Esaterako, giza eskubideen defentsa kriminalizatuz. Horrenbestez, mozioan zehazten zen Herriraren aurka burutu den operazioa eta atxiloketak, herri honen gehiengoari eta konponbide prozesuari egiten diren eraso gisa ulertu behar direla.

Aho batez onartu dute bi alderdiek Bilduk aurkeztutako mozioa.

EAJk beste mozio bat

Alderdi jeltzaleak bere mozioa aurkeztu du. Zehazki, gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta atzo Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJk adostutako testua. Bertan esaten da "dena ETA da" tesiari eutsiz egiten diren atxiloketak, Euskal Herrian bake prozesua bultzatu eta finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen duela. Eta hala, PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen da.

EAJk aurkeztu duen mozio hau ere aho batez onartu dute.

Lourdes Idoiagak bestalde herriko ormetan agertu diren paper batzuen kritika ere egin du: “guk badakigu une latzak direla zuendako eta gure elkartasuna adierazten dizuegu. Gustatuko litzaiguke, baina, zuei ere elkartasuna eskatzea. Izan ere, atzo herrian agertu ziren orriak, ez dira aproposak garai berri honetan. Alde guztiok egin behar dugu garai berri honen alde lan”. Kaleetan agertu diren orrietan honakoa jartzen zuen: EAJk espainiar poliziaren mesedetara ezarri du bere zakurrada 18 atxiloketa egiteko. Idoiagak gainertau du mingarria dela horrelakoak kalean ikustea.

Herritarrak urdin kolorez

Herritar dezente batu da gaurko ez-ohiko bilkuran Herrirako kamisetak eta zapiak soinean zituztela.  Hain zuzen, mozioak aurkeztu ondoren, herritar batek hartu du hitza: "Hemen esan da atxilotuak izan direnak aske daudela, baina azpimarratu nahiko nuke inputatuta daudela. Baldintzatutako askatasuna lortu dute: pasaportea entregatu beharra, estatu espainiarretik ezin irten, hamabostean behin sinatzera joan beharra… Horretaz gain, epaituak ere izango dira, eta espetxeratuak izateko arriskuan daude. Badirudi aske daudela esaten dugunean, dena amaitu dela, baina ez da horrela. Bestalde, baina, mozioak aho batez onartu izana zoriondu nahiko nuke". 

Mikel Biainek Herriraren atxiloketak salatzeko hurrengo egunetan egingo diren ekimenetan parte hartzera deitu ditu aretoan batutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak