Jazinto Lizarralde: "Goiz baten Aizkorri lau aldiz igotzea normala zen niretzat; ez besteentzat"

Mireia Bikuña 2013ko urr. 8a, 10:00

Jazinto Lizarralde oñatiarrak 82 urte bete zituen irailaren 1ean. Egunero joaten da mendira. Erretiroa hartu zuenetik denbora luzeagoa du mendian ibiltzeko, baina Kale Barrian harategia zuenean ere, eguerdietan ez zuen hutsik egiten. Balentria handiak egin izan ditu mendian: Kilimanjaro ere oinez igo zuen. Bere etxean hartu gintuen, eta sasoi oneko dagoela erakutsi zigun.

Mendizale amorratua zarela esan genezake?

Bai. 9 urterekin aitak artaldea ekarri zidan, eta soldadutzara joan arte, ardiekin ibili nintzen. Gazta ere egiten nuen. Ordutik datorkit mendirako zaletasuna.

Harakina izan zara 30 urtean. Lanbide horrek ordutegi trinkoa dauka, eta hori mendizaletasunarekin bateratzea ez zen erraza izango?

Ez, ba. Harategia astelehenetik zapatura arte zabaltzen genuen. Astegunetan denda itxi ondoren joaten nintzen mendira. Askotan Aizkorrira, ogitarteko batekin. 13:00etan denda itxi eta 17:00etarako berriro bueltan, lanean.

Ez ziren harategia eta mendizaletasuna bakarrik. Seme-alabak ere bai. Zazpi urtetan sei seme-alaba izan genituen.

Balentria handiak egin dituzu mendian. Ingurukoek berdin baloratzen zuten egindakoa?

Mendian asko ibilitakoa naiz, eta oraindik ere banabil. Domeka goiz baten Sindika-Urbia-Aizkorri lautan egitea normala zen niretzat. Ingurukoek beste iritzi bat zuten.

Egun kirol asko egiten da leku guztietan, baina Oñatin ere. Jendeak beste ikuspuntu bat dauka kirolarekin eta mendiarekin. Baina duela 30 urte, zoratuta nengoela zioten askok.

Goiz baten lau alditan igo zenuen Aizkorri?

Bai. Sindikan autoa utzi eta lautan igo nuen. Hirutan egin nuen hori. Behin, bost aldiz igo nuen, baina denbora gehiago hartu nuen. Askok ez zuten sinesten zer egiteko gai nintzen, eta bost aldiz igotzeko proposamena egin zidatenenean baldintza bakarra ipini nuen: sei lekukoen laguntza. Bat Aizkorrin egoteko eta beste bostak nirekin igotzeko. Igoera bakoitzean bat. 16 ordutan egin genuen.

50 urterekin Euskal Herriko bost mendi igo zenituen.

Gorbeia, Barazar, Urkiola, Anboto, Besaide, Udalatx, Erguinetik Lamiategira, Urtiagain, Arantzazu, Aizkorri, Otzaurte, Etxegarate, Txindoki, Larraitz. Etxera autoan ekarri ninduten.

Gehienbat inguruko mendietan ibili zara, baina Afrikako espedizio baten parte hartu zenuen. Kilimanjaro zenuten helburu.

Donostiako espedizio bateko kide nintzen. 11 lagun joan ginen. 1.800 metrora zegoen herrian autoa utzi, eta hango kontrol gunean datuak eman eta ordainketa egin ostean, gorako bidea hartu genuen. Lau egunetan igo genuen, hango hiru aterpeetan lo eginez.

Igoera gogorra izan zen?

Bai. Mendi aldrebesa da. Estatistikek diote igotzen diren hiru pertsonetatik bi ez direla goraino heltzen. Gure espedizioko guztiak heldu ginen goraino. Hori bai, nekatuta eta behar bezala ospatzeko gogo gutxirekin.

Bereziki gogorrak egin zitzaizkigun azken 1.200 metroak: bederatzi ordu eta erdi. Pareta bertikal itzelak zituen. 5.000 metrotik gora izotza zen nagusi.

Teide eta Bola del Mundo ere igo nituen oinez.

Kilometro asko egindakoa zara, eta beti osasuntsu?

Bai. Zorionez ez dut gaixotasun larririk izan. Mendian ibiltzeko gogoa eduki behar da. Gogotsu egonda eta prestaketa egoki batekin, mendian ibiltzeko gai da edonor.

Urrun joan barik, ze mendi azpimarratuko zenituzke?

Oñati inguruan mendi asko daude eta guztiak dira politak. Datu bat emango dizut: domekero mendi ezberdin bat igota, sei hilabeterako plana egin daiteke. 24 domeka, 24 mendi ezberdin.

Behin erretiroa hartuta, barruan zenuen arantza atera ahal izan zenuen: Santiago bidea.

Nire ametsetako bat zen, baina harategia eduki genuen bitartean, ezinezkoa izan zitzaidan. Bide osoa egiteko hilabete behar da. Erretiroa hartuta, bete nuen ametsa. Urtebetean lau aldiz egin nuen Santiago bidea: bitan Orreagatik irtenda, beste baten Hendaiatik, eta laugarrena eta azkena, Ruta de la Plata deritzona, Cadizetik irtenda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak