Apaolaza Alarguna kalea, Maria Irizar kalea da gaur

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 4a, 15:16

Laugarren Egun morearekin, jaietako bigarren asteburua hasiko da gaur, egubakoitza. Gauean, bertso saioa izango da Zubikoa kiroldegian.

Egun morea da gaur Oñatin. Aldarrikapenarekin hasiko da, beraz, aurtengo jaietako bigarren asteburua.

Herriko emakumeak

Laugarren aldiz ospatuko da Egun morea. Duela lau urte, neska talde bat propio elkartu zen egun hori antolatzeko, eta azken hirurak Oñatiko Gazte Feministen Asanbladak antolatzen du. Jaietan, eduki feministendako espazio bat sortzea da helburua, kontzientzia feministagatik, berarekin eta bere alde jokatuz, kantuan eginez edo ondo pasatuz.
Egun more bakoitzak bere tematika izan du. Aurten, esaterako, herriko emakumeen historia ezagutzea eta hori idatzi ez izanaren arrazoiez kontzientzia hartzea da asmoa. Hori garatzeko, Gerardo Elortza historialariarekin eta herriko bost emakumerekin egon dira Gazte Feministen taldeko kideak. "Haiengandik ikasi dugu garai haietan emakumea izatea zer zen eta nolakoa zen euren bizimodua", diote taldeko kideek. Eta gaineratu dute: "Elkarrizkekin konturatu gara zein gutxi ezagutzen ditugun gure herriko emakumeen historia".

Eta horri adibideak jartzeko, herriko kale batzuei izena aldatuko diete gaur, "Oñatiko emakumeen omenez". Esaterako, egun Apaolaza Alarguna deitzen den kalea, Maria Irizar izatera pasako da. Kale horretan zeuden, aspaldi, Irizarren berdeguneak. Apaolaza medikuarekin ezkondu zen, eta alargun gelditzean, Udalari eman zizkion lurrak. Hori eskertzeko, Apaolaza Alarguna jarri zion izena kaleari Udalak. "Baina lurrak Mariarenak ziren", diote. Eta gehitu dute: "Bestalde, Naparreneko Margarita, Guriako Espe eta Felisatxo Enparantza moduko emakume esangutatsuak ere omenduko ditugu. Baita baserrietako emakumeak ere".

Eguerdian egingo dute kale berrien inaugurazioa. 14:30ean bazkaria txosna gunean eta arratsaldean, olinpiada moreak eta Transmaribolloqueer kalejira, batukadarekin.

Karrozen biltokia

Bestalde, bertso saioa izango da gaur, 22:30ean, kiroldegian. Maia, Mendiluze, Estiballes, Arzalluz, Martin eta Rezola arituko dira bertsotan.

Bihar, zapatua, Herri Eguna ospatuko da. Urtero moduan, herriko baserritarren eta gazta ekoizleen produktuak egongo dira goizeko azokan. Bazkariak eta herri kirolak ere izango dira. Errosaixo bixamonean, berriz, Agustinoetako aparkalekua izango da karrozen biltokia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak