Udalbatza izango da Espainiako bandera jartzeko organo betearazlea

Irati Goitia 2013ko ira. 27a, 14:01

Atzoko osoko bilkuran izendatu zuten udalbatza organo betearazle eta bi hilabete izango dituzte bandera udaletxean jartzeko. Bestalde, bi mozio ere onartu zituzten atzoko osokoan aho batez: batetik, Asier Guridiren aldeko mozioa, eta bestetik, Lomceren aurkakoa.

Espainiako bandera jarri beharko da Oñatiko udaletxeko fatxadan eta areto nagusian. Euskal Autonomia Erkidegoko auzitegi nagusiko administrazioarekiko auzi salak eman du azken epaia, ia bi urte maila ezberdinetako epaitegietan errekurtsoak jarri eta gaia berraztertzen ibili ostean. Hala, egunero eta modu iraunkorrean jarri beharko da Espainiako bandera udaletxeko fatxadan eta areto nagusian.  Sententzia honek auziaren bide administratiboa agortzen du. Beraz, epaia beteko ez balitz, gaia, auzibide penalean sartuko litzateke. Sententziak, bestalde, agindua betetzeko ardura udaleko zein organok hartuko duen zehaztea eskatzen da. Atzoko osoko bilkuran, udalbatza bera izendatu zuten organo betearazle. Hau da, udalbatzak hartzen du bandera udaletxean jartzeko ardura. Dena dela, hurrengo asteetan herriko eragile ezberdinekin jarriko da harremanetan Udala sententziari erantzuteko bidea aurkitzeko. Udaletik egiten duten irakurketaren arabera, atzotik bi hilabete izango dituzte bandera jartzeko. Bildu eta EAJ bat etorri ziren erabaki inposatzailea dela esaterako orduan.

Bestalde, bi mozio aurkeztu zituzten atzoko osoko bilkuran. Batetik, joan zen astean Venezuelan atxilotu zuten Asier Guridi Zaloñaren aldeko mozioa; aho batez onartu zuten bi alderdiek. Mozioan, besteak beste, elkartasuna adierazten zaie senide eta lagunei, eta Nazioarteko eta Venezuelako Gobernuei egungo egoeraren barruan jarduteko eskaera ere jasotzen da.

Bestetik, Lomceren aurkako mozioa ere aurkeztu zuten. Kasu honetan ere erabatekoa izan zen adostasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak