San Migeletarako dena prest, txantxikuaren zain

Irati Goitia 2013ko ira. 27a, 13:00

Oholtzak, txosnak, kaleak girotuta... dena prest dago jaiei ongietorria egiteko. Askotarikoa izango da eskaintza astelehena bitarte, besteak beste: nagusien danborrada, Udal Bandaren kontzertua, txistularien alardea, haur parkea eta familiendako bazkaria.

Urtero moduan, txantxikuaren jaitsierak emango die jaiei hasiera bihar, zapatua, 20:00etan. Eta horren ostean, ez da etenaldirik izango, askotarikoa izango da-eta eskaintza.

Danbor hotsak

Bada, nagusien danborradak hartuko ditu erdiguneko kaleak bihar gauean. 23:00etan hasiko du ibilbidea Bidaurretan eta amaitu, berriz, Foruen plazan amaituko da.

Gaupaseroek eta mendizaleek igandean 8:00etan dute hitzordua argazki erraldoirako txosnetan.

Bandaren kontzertua

Domekan, San Migel egunez, meza nagusia izango da San Migel parrokian, koruak abestuta, 12:00etan. Musika gehiagoz gozatzeko aukera ere egongo da Lazarraga jauregiko lorategian, 13:00etan: Oñatiko Udal Bandak kontzertua emango du. Eta 18:30ean txistulari alardea egingo dute, sei urteren ostean. Bestalde, umeendako ere egongo da gozatzeko aukera domekan: haur parkea izango da Etxaluzen. Beste hitzordu batzuk: pilota txapelketa, kontzertua Atzeko kalean eta Infernuko hauspoa ikuskizuna plazan, gauean.

Txantxiki eguna

Haur, gaztetxo zein gurasoendako ekitaldi bereziak izango dira astelehenean. Hala, 12:00etan, urtean zehar jaiotako haurrei ongietorria egingo diete udaletxean eta Zuk ekarri, zuk jan! bazkaria egingo dute.

Txosnak, giro oneko gune askea

Txosnetako egitaraua osatzen hamar kolektibo ibili dira: Oñatiko Herrira, Oñatiko Gazte Asanblada, Ernai, Oñatiko Emakume Asanblada, Fan Hemendik Batzordea, San Martingo Etxe Okupatuko Asanblada, AHT-rik Ez!, Mirentxin, Udana Kotxezaliak eta Narrarte Motorzailak.

Aurten, lehendabizikoz, eraso sexisten aurkako protokoloa ezarri dute. Erasoak saihesteko eta horiei aurre egiteko tresna moduan erabiliko dela adierazi dute.

Bestalde, aurten, sukaldetik ateratako dirua Berria Laguna taldearendako izango da.

Kanpotik datozenendako, gaztetxean lo egiteko tokia egongo da. Hala, jendea animatzen dute jaietara Txosna batzordetik.

Jaietan ahalik eta zabor gutxien sortzea bultzatzen dute, eta hala, gogorarazi zuten iazko edalontziak erabili daitezkeela, adibidez.

Jaiengatik, aldaketak

  • Itxita egongo da kiroldegia egun osoz irailaren 29an eta 30ean eta urriaren 5ean, 6an eta 7an. Urriaren 8an goizez egongo da itxita, 14:00etan irekiko dute.
  • Ez da zinemarik egongo datozen bi asteburuetan. Urriaren 11ko asteburuan itzuliko da eskaintza ume zein helduentzat. Eta zinekluba urriaren 17an.
  • Itxita egongo da turismo bulegoa urriaren 7an, astelehena.
  • Itxita izango dira udal bulegoak irailaren 30ean, astelehena, eta urriaren 5ean eta 7an, zapatua eta astelehena.
  • Jaiak direla-eta, aste honetan tokiz aldatuko dute zapatu goizetan egiten den arropa azoka. Horrenbestez, plazako frontoiko aparkalekuan egin beharrean, Santa Marina plazan egingo dute. Eta Herri Egunean ez da arropa azokarik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak