Elkarretaratzea Asier Guridiren atxiloketa salatzeko

Irati Goitia 2013ko ira. 24a, 15:22

Egubakoitzean, Venezuelan atxilotu zuten Asier Guridi oñatiarraren atxiloketa salatzeko eta azken berriak azaltzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Oñatiko Sortuk deituta. Adierazi zuten Guridiren egoera ziurgabea dela abokatuak oraindik ez zuelako diligentzietara sarrerarik izan eta ez dakitelako zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.

Espainiako Barne Ministerioak asteburuan adierazi zuen atxiloketa "mugarria" izan zela nazioarteko terrorismoaren aurkako elkarlanean, lehenengo aldiz batera jardun omen baitzuten Europako eta Iberoameriketako poliziek. Atzoko elkarretaratzearen amaieran, baina, adierazi zuten Venezuelako poliziak ez zuela atxiloketan parte hartu.

Bestalde, esan zuten abokatuak oraindik ez dutela sarrera izan diligentziara eta ez dakitela estradizio eskaera zertan oinarritzen den. Baieztatu zuten Frantzian bi urteko sententzia jasota duela asaldura kasuagatik, baina esan zuten estatu espainiarrak kaleratu dituen kasuengatik dagoeneko kondena beteta duela.

Gaineratu zuten defentsak estraditazioari helegitea jarriko diola; estatu espainiarrera estratitatua izateak torturatua izateko arriskua suposatzen duelako. "Asier bera torturatua izana da eta bere testigantza jasota dago dokumentu batean. Hori ahalik eta lasterren bide diplomatikotik edo defentsa judizialetik Venezuelako justiziaren eskutan jarriko dugu, estraditazio hori burutu ez dadin", adierazi zuen Sortuko Iosu Lizarraldek.

Gaur, irailak 24, elkarretaratzea egingo dute Bilbon Venezuelako kontsulatuak duen egoitzaren parean Askapenak deituta, 19:00etan. Eguenean, hilak 26, berriro elkartuko dira Oñatiko Foruen plazan osoko bilkuraren aurretik eta Bilduk mozio bat aurkeztuko du osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak